SPRI atzerrian. Azaroa

2015ko Azaroa 06,

spri_internacionalizacion_red exterior de spri
SPRIren bulegoak munduan.

SPRI euskal enpresekin batera izan da Txinako sektore eolikoko azoka garrantzitsuenean

Txinan dauden euskal enpresak, besteak beste Gamesa, Antec eta Ormazabal, Pekinen antolatutako China Wind Power ekitaldian izan ziren, hots, Txinako sektore eolikoko azoka garrantzitsuenean. Azoka horretan -zeinetara joan zen baita ere SPRIren Txinako bulegoko ordezkaritza- hainbat gairi buruzko hitzaldiak eskaini ziren, hala nola, merkatuko politika, munduko merkatuaren garapena eta baita ere Txinarena. Horrez gain, enpresa-foro batzuk antolatu ziren eta Txinako nahiz atzerriko enpresetako ordezkariak gonbidatu zituzten, merkatu eolikoari buruz eztabaidatzeko eta nazioarteko esperientziak, jardunbide egokiak eta konponbide onenak partekatzeko.

Txinan 5 GW-eko offshore energia potentzia dago instalatuta, eta herrialdeak helburu bezala finkatu du 2020rako 30 GW-raino iristea. Lortzeko zaila badirudi ere, azkenaldian Txinak garapen handia izan du, eta argi erakutsi du, erabakiak hartzen direnean eta politikak ezartzen direnean, badela gai markatutako helburuak erdiesteko.


Panelfisa enpresak fabrika berria inauguratu du Celaya hirian (Mexiko) 

Panelfisa enpresak fabrika berria inauguratu zuen pasa den urriaren 28an Mexikoko Celaya hirian. Inaugurazio ekitaldian presente egon ziren  Mexikoko SPRIren bulegoko ordezkariak eta SPRIko Nazioarte Sailekoak, eta haiekin batera izan ziren baita ere Mexikoko agintari eta erakundeetako ordezkariak eta han dauden beste euskal enpresa batzuetako zuzendaritza-karguak.  Fabrika berri horrekin torlojuak eta hotzeko estanpazio bidezko finkagailuak egiten dituen Panelfisa enpresak berretsi egin du Ipar Amerikako merkatuaren eta bereziki hango automozio sektorearen alde egin duen apustua.


Offshore teknologiaren garapena Brasilen

Urriaren 29an Offshore Technology Conference – OTC Brasil 2015 Azokaren hirugarren edizioa egin zen Rio de Janeiroko Riocentro erakusketa zentroan eta bertan izan ziren SPRIko ordezkariak. “Offshore Technology Conference” eta “Instituto Brasileiro de Petróleo, Gás e Biocombustíveis – IBP” erakundeek antolatu zuten ekitaldia, helburutzat harturik offshore baliabideak garatzea zulatze, esplorazio, produkzio eta ingurumenaren babes eremuetan. Erakusketarekin batera, konferentzia bat antolatu zen, non sektoreari buruzko hitzaldi tekniko eta orokorrak eskaini baitziren. Industria honen mundu mailako liderrek parte hartu zuten, egungo eszenatokiari eta Brasilgo offshore industriak etorkizunean izango dituen erronkei buruz eztabaidatzeko.


SPRI “China Education Expo 2015” azokan izan da

SPRIren Shanghaiko bulegoko ordezkariak Beijingen izan ziren urriaren 25ean, China Education Expo 2015 azokan. Hezkuntza sektoreko hogeita hamar bat enpresa espainiar joan ziren Beijingera ICEXen eskutik. Erakusleen kopurua bikoiztu egin da iazko aldean, aurten hogeita hamar baino gehiago izan direlarik.

ICEXek Txinan duen bulegoaren arabera, 27.000 ikasle inguruk ikasten dute gaztelania Txinan. Txinatar askorentzat gero eta errazagoa da Txinako eta atzerriko unibertsitate hezkuntzara sartzea, Txinak gero eta malguago jokatzen duelako hiritarrei herrialdetik ateratzen uzterakoan, bidaiari txinatarrek zailtasun gutxiago dituztelako mendebaldeko herrialdeetara sartzeko eta txinatarrek kalitatezko hezkuntza eskatzen dutelako gero eta gehiago.

Bestalde, gaztelaniarekiko interesa hazten ari da txinatarren artean. Jarrera bikaina dute gaztelaniaren aldera, baliabide bezala ikusten dutelako lanpostu hobeak lortzeko.


Brasilgo portuen hobekuntza

Joan den urriaren 28an Brasilgo SPRIren bulegoko langileak Sao Paulo Estatuko  aurreikuspenei eta sarbideen hobekuntzei buruzko workshop batean izan ziren eta 2013an onartutako Portuen Lege berria izan zuten hizpide. Araudi horren bidez ezabatu egin ziren terminal pribatuen funtzionamendurako hesiak eta tarifa txikiagoak ezarri ziren portu publikoetako lizitazioetan. Portuetarako sarbideen gaiaz ere mintzatu ziren, horixe baita logistikak duen itogune nagusietako bat eta Brasilgo produktuei lehiakortasuna galarazten dien faktoreetako bat, eta arazoa konpontzeko konponbideak ere aztertu zituzten.


Euskal enpresak Mexikoko Expo Pyme azokan

Urriaren 19tik 21era bost euskal enpresak eta Kluster batek -Aclima (Bidatek-ekin), Idom, Ikusi, Mondragon Ingeniería y Servicios Empresariales, Sisteplant eta Tecnalia- Mexiko Hiriko World Trade Center-eko Expo Pyme azokan parte hartu zuten.

Mexiko Barruti Federaleko Ekonomiaren Garapen Idazkaritzak zuzendutako hitzaldi espazioan hirien eraldaketa izan zuten ardatz, eta euskal enpresek esparru horretan dituzten zerbitzu eta konponbide teknologikoen berri eman zuten.


SPRIren Brasilgo bulegoak “Corte & Conformação de Metais 2015” azoka bisitatu du

Urriaren 20tik 23ra “Corte & Conformação de Metais” azokaren zortzigarren edizioa egin zen São Pauloko Expo Center Norte pabilioietan eta txapa eta hodi metalikoak ebaki eta osatzeko teknologia aurreratuenak aurkeztu ziren.  Aldi berean eta azokaren barruan, soldaduraren segmentuan espezializatutako Brazil Welding Show ekitaldiaren hirugarren edizioa egin zen.

Ekitaldi horretan, non SPRIren Brasilgo bulegoko ordezkariak izan baitziren, nazioarteko 400 enpresa elkartu ziren, Brasilgo enpresariei bertatik bertara azaltzeko zeintzuk diren  merkatu horretara zuzendutako joera berriak eta aukera emateko produktibitatea handitzeko eztabaidetan parte hartzeko, kasu arrakastatsuak ezagutzeko eta negozioak egiteko.

Danobatgroup taldeko Danobat Sheet Metal dibisioa enpresa erakusleetako bat izan zen eta hurbildu ziren guztiei eskaini zizkien txapa eraldatzeko garapen-, fabrikazio- eta banaketa-teknologietarako konponbide onenak.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke