Munduan gertatutakoak. Abenduko lehen astea

2015ko Abendua 04,

spri_internacionalizacion_lo_que_pasa_mundo

Txinako yuana NDFko dibisen saskian sartu da eta Moody’s agentziak ohartarazi du Indiako erreformen atzerapenak oztopatu egingo dituela inbertsioak.

Txinako yuana NDFren dibisa saskian sartu da

Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) abenduaren 1ean erabaki zuen yuana dibisen saskian sartzea, dolarrarekin, yenarekin, euroarekin eta libera esterlinarekin batera. Hala, IEB – Igorpen Eskubide Berezien (SDR) saskian dago jada. Orain arte lau dibisa hauek baino ez dira egon moneta saski horretan: dolarra, yena, euroa eta libera esterlina. Nazioarteko Diru Funtsak finantzaketarako aktibo birtual bezala eta nazioarteko erreserba modura erabili izan du saski hori.

IEB saski berria 2016ko urriaren 1etik aurrera sartuko da indarrean. Hala, yuana ere IEB saskian egongo da ehuneko 10,92ko haztapenarekin, “txanponak bete dituelako ezarritako irizpide guztiak”. Hona hemen saskiko gainerako txanponen haztapena: Estatu Batuetako dolarrak ehuneko 41,73; euroak ehuneko 30,93; Japoniako yenak ehuneko 8,33; eta libera esterlinak ehuneko 8,09.

Txinako Estatu Kontseiluak jakinarazpen baten bidez azaldu duenez, NDFren erabaki horrek aitortza egin die Txinak erreforma eta irekieraren bidez erdietsitako lorpenei, eta aukera emango dio modu sakon eta zabalagoan inplikatzeko gobernazio ekonomiko globalean.

Moody’s agentziak ohartarazi du Indiako erreformen atzerapenak oztopatu egingo dituela inbertsioak

Moody’s agentziaren txosten batek ohartarazi du Indiako enpresek barne garapen handia lortuko dutela 2016an, baina arazoak egongo direla, atzeratu egin direlako lur erosketen eta zerbitzuengatiko zergen (GST) arloetan onartu beharreko erreformak.

Horrez gain, azterlanak dio munduko ekonomiaren ahuleziak eta Estatu Batuetan laster onartuko diren tasa igoerak ere eragina izan dezaketela Indiako enpresetan.

Istanbulek 40 merkataritza-gune berri izango ditu 2016an

Maptriks aholkularitza turkiarrak argitaratu berri duen txostenaren arabera, datorren urtearen amaierarako 40 merkataritza-gune berri eraikiko dira Istanbul metropolian, Turkia osorako planifikatutako azalera handien %37.

Aste honetan Turkiako hainbat egunkaritan zabaldutako azterlan horrek eta Egoitza Istanbulen duen aholkularitzak emandako datuen arabera, 2014an 337 azalera handi zeuden Turkian eta 2015ean 361era iritsi dira. Aurreikuspenek diote zifra hori 450eraino iritsiko dela 2017an.

Hürriyet egunkari turkiarrak argitaratutako informazioak dio gaur egun ez dagoela merkataritza-gunerik Turkiako 81 probintzia administratibotatik 24tan, nahiz eta aurten hainbat plan iragarri dituzten horietako lautan azalera handiak irekitzeko: Burdur (Egeo itsasoaren eskualdean), Çorum (Itsaso Beltzean), Sivas eta Yozgat (biak Erdiko Anatolian).

Indiak inbertitzeko erraztasun gehien ematen dituen 50 herrialdeetako bat izan nahi du

India baikor agertu da inbertitzaile gehiago erakartzeko aukerei dagokienez. Forbes aldizkarirako elkarrizketa batean Shaktikanta Das, Indiako Gai Ekonomikoetako Idazkaria, pozik agertu da India 142 postutik 130era igo delako Munduko Bankuaren “Ease of Doing Business” rankinean. Bere iritziz, datozen urteetan are postu hobea lortuko dute, Indiako Gobernuak azken seihilekoan onartu dituen erreformei esker. Datozen hiru urteetan TOP 50 taldean sartzea dute helburu.

ACS eta Ferrovial hautagai bihurtu dira Eslovakian azpiegitura proiektu handiak egiteko

ACS eta Ferrovial azken lau finalisten artean sartu dira Eslovakiako D4-R7 errepide-multzoaren eraikuntza  proiektua esleitzeko lizitazioan. Proiektu hori azken azpiegitura-kontratu handietako bat da, 2015a amaitu baino lehen entregatuko dena. Obra guztia 300 milioi euro inguru kostako omen da.

Espainiako bi enpresa eraikitzaile garrantzitsuenak lizitazioaren azken fasera iritsi dira. Kontratu horren xedea da Jarovce eta Raca hiriak (D4 autopistaren bitartez) eta Bratislavako Saihesbidea (hiriburuaren hegoaldean dagoen R7 errepidetik) batzea.

Eslovakiako Garraio, Eraikuntza eta Eskualde Garapeneko Ministerioak datozen asteetan jakinaraziko du nor den partzuergo irabazlea. Proiektu hori baliabide publiko-pribatuekin finantzatuko da. Ekimen pribatuaren bidez osatuko da Eslovakiako Estatuak eta Europako funtsek eginiko ekarpena.

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke