Munduan gertatutakoak. 2015eko azaroko lehen astea

2015ko Azaroa 13,

spri_internacionalizacion_lo_que_pasa_mundo

Errusiak helburutzat hartu du bere ardo produkzioa biderkatzea

Errusiak laukoiztu egin nahi ditu bere ardo-produkzio guneak, hala gaur egungo 90.000 hektareatatik 400.000 izatera igaroko litzateke. Nekazaritza Ministerioa atzerriko inbertsioak erakartzen saiatuko da jauzi hori eman ahal izateko.

Inbertitzaileei zuzendutako proposamenaren arabera, atzerritarrek lursail bat eskuratu ahal izango dute 3-15 urte bitarteko epean, baldin eta sortzen duten enpleguaren %75 gutxienez Errusiako hiritarrentzat bada. Atzerriko enpresak behar adinako finantza indarra izan beharko du, eta, hitzartutakoari jarraiki, emakidaren titularrek ez badituzte erabiltzen lur horiek hiru urtez, Errusiako auzitegi batek desjabetze prozesua abiaraz dezake.

Kirgistan Batasun Ekonomiko Euroasiarrean (BEE) sartu da

Armenia, Bielorrusia, Kazajstan, Errusia eta Kirgistanek osatzen duten Batasun Ekonomiko Euroasiarrak helburutzat du ondasun, zerbitzu, kapital eta lan-eskuaren zirkulazio librea bultzatzea herrialde kideen artean. Batasun horren asmoa da baita ere industria, nekazaritza, garraio eta energia sektoreetako politikak harmonizatzea, hesi burokratikoak hausteko eta, bide horretatik, bost herrialdeetako merkataritza jarduera handitzeko. Kirgistan atxiki zaionetik, Batasun Ekonomiko Euroasiarrak balizko 182 milioi kontsumitzaileko merkatua ordezkatzen du.

Qiwi enpresak iragarri du Errusiak txanpon birtual propioa izango duela 2016tik aurrera:  bitrubloa

Qiwi ordainketa-sistemak datorren urtean jaulkiko du Errusiako lehen txanpon birtuala: bitrubloa. Bitcoin txanpon birtual ezaguna sortzeko erabilitako teknologia berbera erabiliko dute horretarako. Mundu osoko internautek erabiltzen dute bitcoin txanpona. Interneteko erabiltzaileek posible dute diru tradizionalarekin erostea kripto-txanpon hori eta beren diru-sarrerak ere txanpon horretan jasotzea. Horretarako,  programa berezi bat instalatu behar da ordenagailuan. Dena den, Errusiako Gobernuak eta Txina, Vietnam, Thailandia edo beste herrialde batzuetako agintariek ohartarazi dute txanpon birtualekin eginiko zenbait eragiketa legez kanpokoak direla. Txanpon birtuala erabiliz askotan anonimotasuna lortzen da, eta esaterako, finantzaketa-bide nagusi gisa bitcoin erabiltzen duten sare anonimoek (Internet Tor adibidez) plataforma bereziak dauzkate legez kanpoko arma eta estupefazienteen salmentarako.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke