Mexikok lehentasunezko herrialdea izaten jarraituko du Euskadirentzat, aukera handiak eskainiz energia eta automozio sektoreetan

2015ko Azaroa 24,

spri_internacionalización_intergune_mexico_img
Mexiko, herrialde gonbidatua, Intergune 2015.eko topaketan

Aurtengo edizioko herrialde gonbidatu bezala, Mexiko protagonista izan da atzo hasi eta gaur arratsaldean bukatzeko den INTERGUNE+  topaketaren (BECen) bigarren jardunaldian.

Mexikoko erakunde publikoetako, EAEko erakundeetako, enpresa multinazionaletako eta Mexikon kokatutako euskal enpresetako ordezkariek  elkarrekin aztertu dituzte Mexikoko egoera eta egun nahiz etorkizunerako eskaintzen dituen negozio aukerak.

Mexiko da euskal konpainia gehien hartzen dituen herrialdea: EAEko 120 enpresaren 162 ezarpen.

SPRIren Mexikoko bulegoak 36 proiektu eta zuzeneko 3 misio garatu ditu 2015ean.


INTERGUNE+ topaketak –nazioartekotzearekiko hitzorduak– goiz osoa eskaini dio bere herrialde gonbidatuari, Mexikori, euskal enpresa gehien hartzen dituen herrialdeari alegia: 120 euskal enpresa  dira Mexikon, 162 ezarpenekin, horietatik %30 produkzio-ezarpenak dira eta %70 komertzialak edo zerbitzuetakoak.

Proméxicoko –Mexikoko Gobernuaren sustapen agentziako– ordezkari Eduardo Pérezek ireki du jardunaldia eta Mexikoren erradiografia egin du: 118 milioi biztanle; sarbide pribilegiatua 45 herrialdetara eta 1.200 milioi lagunengana, merkataritza libreko itunei esker; eta %3 inguruko  hazkunde tasa urtean. Pérezen esanetan, negozio aukera handiak daude automozioko osagaien sektorean, eskaera handia dagoelako; badira aukerak baita ere energiaren sektorean, Mexikoko Gobernua energia arloa erreformatzen ari delako eta proiektu handiak abiaraziko dituelako.

Irakusne Inciertek, SPRIk Mexikon duen Bulegoko zuzendariak, hizpide hartu du Plan Estrategikoa eta haren barruan planifikatuta dauden ekintzak. Planak lehentasunezko eremutzat jotzen ditu Aguascalientes, DF, Guanajuato, Jalisco, Nueva León, Puebla eta Querétaro, eta eremu horietan babesa emango zaie euskal enpresei Mexikoko merkatura sartzeko, inbertsioak atzemateko, eta abar. 2015ean, SPRIk Mexikon duen bulegoak 36 proiektu eta zuzeneko 3 misio garatu ditu euskal enpresentzat.

Raquel Piñánek, ACICAEko Nazioartekotze zuzendariak, hizpide hartu du automozio sektorea, Euskadiko sektore industrial garrantzitsuena, osagaien arloko 300 enpresa dituena, 230 produkzio-fabrika beste herrialde batzuetan eta 75.000 langile mundu osoan. Automozioko osagaien arloko euskal enpresek 34 produkzio-fabrika dauzkate Mexikon.

Julio Fernándezek, MBW AG Munich-eko Greenfield Mexikoko erosketen proiektuen liderrak, azaldu du zergatik aukeratu duen bere konpainiak Mexiko, zehazkiago San Luis Potosí, 1.000 milioi dolarreko inbertsio bat egiteko fabrika batean. Hona hemen aipatu dituen arrazoiak: inbertsio industrialaren aldeko apustu garbia, kokapen geografikoa, ingurumena eta hango giza-baliabideak. Fernándezek esan du BMWren fabrika berriak potentzial handia duela hornitzaileentzat eta harremanetan daudela hainbat euskal enpresarekin.

Bestalde, Raul Lizarriturrik, DANA México enpresako erosketa zuzendariak, esan du bere enpresak 8 produkzio fabrika dauzkala Mexikon, baina hornitzaile gehiago behar direla eta une hau aukera bikaina dela enpresa hornitzaileentzat.

Energia sektoreko aukerak Mexikon

Automozioari buruzko hitzaldien ostean, jardunaldia energiaren sektorean zentratu da,  Energía Klusterreko zuzendari José Ignacio Hormaecheren eskutik. Energia sektoreak Euskadiko BPGaren %4 ordezkatzen du, eta 63.000 lagun enplegatzen ditu 343 enpresatan. Hormaechek ahotan hartu ditu Mexikoko energia arloko erreformaren giltzarriak eta euskal enpresentzat dakartzaten aukerak.

Pemex Produrement Internacional Europe enpresako zuzendari Vanessa Aguirrek ere energia arloko erreforma izan du hizpide, esanez aldaketa operatibo handiak eragin dituela, Mexikoko gobernuak 2014an onartu eta martxan jarri zuenetik.

PA consulting enpresako Luis Ramosek hizpide hartu ditu Mexikoko energia merkatuaren irekierak sortzen dituen aukera berriak, energia garbien merkatua eta ezarri diren eskakizunak. Halaber, esan du badirela ziurgabetasunak baina etorkizuna aukeraz beteta dagoela.

Azkenik, Nicolás Mouzek, DHL Express Ibérica enpresako Marketin eta Salmenta zuzendariak, Mexikorekiko logistika eta aduanetako operatiba izan du ardatz bere hitzaldian, eta esportatzean kontuan hartu beharreko alderdi garrantzitsuak aipatu ditu: merkatugai motak, jomuga-herrialdeak eta merkatugaien balioa.

Mexikori buruzko jardunaldi trinkoa amaitzeko, mahai-inguru bat egin da aditu hauekin: Luis Fernández (Vicrila), Juantxu Mateos (Nextel) eta Luis Uranga (Ur Global). Mexikon kokatuta dauden hiru euskal enpresa dira, bakoitza sektore batekoa, eta han  izandako esperientzia azaldu dute.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke