«Konfiantza dugu Txinan», esan die Eusko Jaurlaritzak Dragoi Handiko konpainiei

2015ko Iraila 21,

Alexander Arriola, SPRI Taldea zuzendari nagusia, Txinan.

Erraldoi asiarrean finkatuta dauden 170 euskal konpainiaz osatutako ordezkaritza batekin elkartu da Shangain, eta enpresa horiek argi-ilunez betetako panorama bat aurkeztu diote Jaurlaritzari.

«Txina berregokitze ekonomiko kontrolatu batean murgilduta dago». Eta Alexander Arriolak, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Sozietateko (SPRI) zuzendari nagusiak, kontrolatu hitza azpimarratu du. «Kontrolatua da, Txinako gobernuak esku-hartzeko gaitasuna duelako, eta gauzak ongi egiten ari delako», azaldu zion EL CORREO egunkariari, SPRIk Shangain egin zuen topaketa batean. Ekitaldi horretan munduko bigarren potentzian kokatuta dauden 170 euskal enpresen ordezkaritza zabal batekin elkartu zen. Enpresa horiek ia 6.000 lagun enplegatzen dituzte Txinan.

«Konfiantza dugu Txinan, eta gure ustez, Txinari buruz iritsi zaizkigun albiste alarmistak ez daude justifikatuta. Izan ere, azken astean bisitatu ditugun bost enpresek inbertsio berriak jarri dituzte martxan, eta ziur gaude egoera berriak aukera sorta zabala irekiko duela, batez ere zerbitzuen arloan eta hainbat sektore zehatzetan, esaterako, ingurumenarenean», adierazi du. «Gobernuak jauzi kualitatiboa bultzatu nahi du balio erantsirantz, ingurumen inpaktua saihestuz eta energia eraginkortasuna zainduz».

Dena den, Arriolak aitortu du gaur egun Txinan ekonomia moteltzen ari dela, eta bertako industria-ereduaren eraldaketa inpaktu negatiboa izaten ari dela euskal konpainia askotan. «Gehiegizko gaitasuna dago, eta Gobernuak ongi zekien arazo hori konpondu beharko zuela. Horrek eragina izango du batez ere makina-erremintaren eta automozioaren sektoreetan», aurreratu du.

“Gure estrategia ez da aldatuko”

Iñaki Antoñanzas, Fagor Automation enpresak Asian duen zuzendariak ere gauza bera esan du. «Makina-erremintaren sektorean beherakada handia bizi dugu, eta beraz, egoera konplikatua da», aipatu du. Enpresa horrek Txinan bertan saltzen du bere produkzioaren %98, baina ekitaldi honetan ez ditu finkatutako helburuak lortuko, eta aurreikusten du emaitzak jaitsi egingo direla aurreko urtekoekin alderatuta. «Guretzat hauek dira arazo garrantzitsuenak: bertako merkatuaren ahulezia, eskaeren atzerapena, eta gure bezeroek duten finantzaketa eta likidezia eza. Horrez gain, eragina izan du baita ere Xi Jinping presidenteak abian jarri duen ustelkeriaren aurkako kanpainak. Inork ez du erabakirik hartu nahi kasu horiek ikertzeko, eta proiektu handiak geldirik daude» azaldu du Antoñanzasek. Antoñanzasen arabera, berregituratze bat abiarazi beharko da 2016an egoera hobetzen ez bada. «Nolanahi ere, gure estrategia ez da aldatuko, Txina baita gure merkatu garrantzitsuena, eta hemen egon beharra daukagu».

Zailtasun horiez gain, aipatzekoa da orain dela gutxi yuan-ak balioa galdu duela. Eta Mikel Mendibek, Copreci enpresak Txinan duen arduradunak dio horrela jarraituko duela. «Nik 8 yuan=euro bateko baliokidetasunaren alde egingo nuke –atzo dibisa europarra 7,2 ordaindu zen-, frogatuta baitago yuan oso indartsuak ez diola barneko merkatuari laguntzen eta lehiakortasuna kentzen diola Txinari». Hain zuzen, zuzendaritza-kargu horrek dioenez, Euskadi dagoeneko merkeagoa da zeharkako eskulanaren arloan. «Horregatik, epe luzera baliteke gure bezeroa herrialde merkeago batera joatea. Baina egoera baikorra da oraingoz». Mendibek uste du 2015ean iazko salmentak bikoiztuko dituztela, nahiz eta iaz ez ziren oso onak izan, eta orain bezero txinatarrak lortzea dute helburu. «Oso zaila da, lehia gogorra da eta presio handia dago prezioetan».

Txinan esperientzia gehien duen euskal enpresarietako batek -nahiago izan du izenik ez eman-  esan digu herrialdearen egoera guztiz aldatu dela:  «Duela hamaika urte, hona iritsi ginenean, honek suziri bat zirudien. Ukitzen genuen guztia urre bihurtzen zen. Orain ordea, lan asko egin behar dugu emaitzak lortzeko, teknologia eta ezagutzak bereganatu dituzten enpresa txinatarrak ditugulako lehiakide. Oraindik urrats bat aurrerago gaude, baina onuren marjinak izugarri murriztu dira».

Automozioaren sektorean lan egiten du, eta uste du egoera konplikatua dela. Atzerriko auto marka garrantzitsuenen eskaera, batez ere Volkswagen eta General Motors taldeena, %25-30 bitarte erori da.  Gainera, mesfidantzaz ikusten ditu Txinako gobernuak ematen dituen estatistika ofizialak. «BPGaren, hazkundearen eta batez besteko soldaten datuak makillatzen dizkiete herritarrei», adierazi du. Hala ere, bere ustez gaur egungo motelaldia logikoa baino ez da «azken urteotako hazkunde tasak ikaragarriak izan direlako, eta ezinbestekoa delako oreka bat lortzea».

“Egoera koiunturala”

Iritzi berekoa da Alberto Sarasqueta ere, Mondragon Kooperatibako Anaitasuna sozietateko arduraduna, zeinak Kunshan hiriko industria parkea kudeatzen baitu. «Sinetsirik gaude gaur egungo egoera koiunturala dela. Batik bat Txinako kontsumitzaileen konfiantza galerak eragin du egoera hori, ez haien patrikan izandako inpaktu zuzenak. Albiste ezkorrak entzuten dituzte, eta horrek erosketak atzeratu ditu. Baina gure ustez, epe luzera Txinak negozio aukerak eskaintzen jarraituko du, hazten jarraituko du», adierazi du.

Gainera, posible da Dragoi Handitik beste merkatu interesgarri batzuetara sartzea. «Asiako hego-ekialdean esaterako, gero eta eros-ahalmen handiagoa duten 600 milioi kontsumitzaile daude», adierazi du Ander Zozayak, SPRIk Singapurren duen ordezkariak. «Dibisen balio galera arazo bat den arren, zenbait herrialde asko hazten ari dira, adibidez Indonesia eta Vietnam». Copreci enpresa adi dago, eta sukalde serie txikiak fabrikatzen hasi da negozio hori Txinan eta eskualde hartako gainerako herrialde gorakorretan abiarazteko. Enpresa arloko esaera hau baliagarria da oraindik: ez jarri arrautza guztiak saski berean.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke