Iranek ateak zabaltzen dizkio inbertsioari

2015ko Ekaina 04,

spri_internacionalizacion_jornadaspri
SPRI Taldeak antolatutako jardunaldia.

Ostegun honetan Irango enbaxadore Mohammad Hassan Fadaifard-ek animatu egin ditu euskal enpresak Iranen inbertitzera. “Aukerak zabalik daude arlo guztietan, baita nuklearrean ere. Konpainia asko ari dira etortzen Europako herrialdeetatik, baina, zoritxarrez, Espainiatik ez”. SPRI Taldeak (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak) antolatutako jardunaldian parte hartu du enbaxadoreak, eta Iranen dauden negozio aukerak azaldu ditu.

Miren Madinabeitiak, SPRI Taldeko Nazioartekotze zuzendariak, ezagutzera eman ditu Iranen ezaugarriak, Ekialde Ertaineko herrialde jendetsuenetako batenak alegia. 80 milioi herritar inguru ditu, ongi prestatuak eta gazteak (biztanleen bi heren baino gehiago 30 urtetik beherako jendea da). Irango langabezia %10ekoa da eta inflazioa %16koa. Bere aberastasunaren erdia petrolioari eta gasari zor dio.

Gaur egun atzerriko 400 konpainia inguruk egiten dituzte inbertsio zuzenak Iranen, eta eremu berezi bezala izendatuta dauden guneetan zerga kenkariak %80koak dira lau urtez. Gas eta petrolioaren ostean, automozioa da herrialdeko bigarren industria eta 1,5 milioi auto egiten dira urtean.

Enbaxadoreak azpimarratu du Iranen “energia oso merkea dela”, eta turismoa ere aipatu du, esanez urtean bost milioi bisita jasotzen dituztela. “Gure asmoa da zifra hori bikoiztea eta 20 milioi bisitarira iristea”. Aitortu du arazoak daudela oraindik banku-transferentziak egiteko, baina azpimarratu du Europako enpresek badituztela erakunde propioak eta erakunde horiekin lan egiten dutela.

Jardunaldiaren amaieran enbaxadoreak aurrez hitzartutako bakarkako bilerak egin ditu Iranen lan egiteko prest dauden enpresariekin.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke