Euskal enpresen erronka: handitzea

2015ko Apirila 20,

imagen_spri_internacionalizacion
Enpresari batzuk, ihardunaldian.

SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batean frogatuta geratuta da enpresa-sareak hedatu beharra daukala bere lehiakortasuna bermatu nahi badu. Bederatzi enpresaburuk beren hazkunde-esperientziak azaldu dituzte. Fermín del Riok, CIE Automotive-ko kontseilari exekutiboak, adierazi du atzerrira hedatzeko hobe dela bazkideen bitartez egitea, zailagoa delako “hutsetik hastea”. “Zauden moduan geratzea da azkena”, dio Aitor Galarzak, CAFeko Estrategia eta Kalitate zuzendariak. “Geldirik egotea ez da aukera bat”, defendatu du José Ramón Fernández de Barrenak, Uvescoko zuzendari nagusiak.


Euskal enpresak behartuta daude haztera eta atzerrian hedatzera. “Zauden moduan geratzea da azkena”. “Geldirik egotea ez da aukera bat”. “Hazten ari ez dena, txikitzen ari da”. Horra bederatzi euskal enpresariek zabaldu dituzten mezu batzuk SPRI Taldeak (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak) eta Confebask patronalak astelehen honetan antolatu duten “Enpresa eta Lehiatzeko behar den Tamaina” jardunaldian. Arantza Tapiak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak, eman dio hasiera Bilboko Euskalduna Jauregian egin den ekitaldi horri, non frogatuta geratu baita enpresek beren artean kolaboratu behar dutela. “Eusko Jaurlaritzan, SPRIn hain zuzen, baditugu hainbat programa lankidetza sustatzeko, eta badugu baita ere finantzaketa. Beraz, zergatik da hain zaila lankidetza prozesuak abiatzea? “, galdetu dio bere buruari Alexander Arriolak, SPRI Taldeko zuzendariak, jardunaldiaren amaieran.

Ekitaldian bertatik bertara erakutsi dira euskal konpainia zenbaitek tamaina handitzeko gauzatu dituzten esperientziak, batzuek kanpoan eta beste batzuek euren egitura organikoetan. Fermín del Riok, CIE Automotive-ko kontseilari exekutiboak, adierazi du atzerrian hedatzeko hobe dela bazkideen bitartez egitea, zailagoa delako “hutsetik hastea”. “Enpresa bakoitzak bere tamaina erabaki behar du, baina behin tamaina jakin bat lortu ondoren beharrezkoa da jakitea merkatuak nazioartekoak direla. Duela urte eta erdi egin genuen azken operazio garrantzitsua, eta hura burutzeko bi urte eta erdiko lana egin behar izan genuen adostasuna lortzeko. Baina bizpahiru lagun zeuden erakunde bakoitzean kontu hau aurrera atera nahi zutenak. Alde bakoitzean ez badaude bizpahiru lider, bat-egitea ezinezkoa da”. Del Ríok baita ere esan du erabateko integrazioa lortu behar dela konpainia berriekin. “Sentipena baduzu kolonizatu egin zaituztela, erosi egin zaituztela, gaizki. Pertsona horiek taldearen kulturako parte izan behar dute. Eta horretarako ordu asko sartu behar dira”.

Aitor Galarzak, CAFeko Estrategia eta Kalitateko zuzendariak, kontrako ikuspegia agertu du, “hutsetik” abiatutako  hedapen kasuak  azaldu baititu eta defendatu baitu hobe dela “bakoitza bere zuzendaritza-kuadroekin joatea, nahiz eta urte asko beharko diren enpresa horrek bere kabuz balio duela erakusteko”. Galarzak konpainiei gomendatu die aurrea hartzeko, “aurretik pentsatu, eta behar izanez gero tamaina handitu, negozio-ildo berri bati ekin eta aukera guztietara ireki. Ez izan beldurrik aliantzak bilatzeko. “Zauden moduan geratzea da azkena”.

José Ramón Fernandez de Barrenak, Uvescoko zuzendari nagusiak, azaldu du nola erosi zituen Erkoreka supermerkatuak, nola “850 lagun sartu ziren kolpez” eta nolako zalantzak erabili zituzten integrazioa pixkanaka ala azkar egin erabakitzeko. “Erabaki genuen integrazio azkarra egitea, 50 supermerkatu berri irekiko bagenitu bezala jokatzea, eta albora utzi genuen aurreko zuzendaritza-taldea”. Fernández de Barrenak dio hedapen prozesuen alde konplikatuena dela “pertsonak zuzentzea eta interesak bateratzea”, baina kategorikoa da: “ Guretzat, geldirik egotea ez da aukera bat”. Hazteagatik haztea bezain txarra da geldirik geratzea”.

“Ken dezagun burutik okerreko uste hori”

Eduardo Cobok, 25 langile dituen Urkiola Fabricaciones enpresako zuzendari nagusiak, esan du krisialdiaren erdian erabaki zutela tamaina handiagoko konpainia bat erostea eta erabaki hori oinarri-oinarrizkoa izan zela bizirik irauteko. “Baldin 2008an geldi geratu izan bagina beldurragatik, orain ez ginateke egongo hemen”, esan du, langileek hedapen prozesu guztietan daukaten garrantzia azpimarratu ondoren. “Guri, lau katu izanda, ongi atera bazaigu, edozein enpresak egin dezake, ahokulari on bat eta pertsonen inplikazioa baldin badu. Eta ken dezagun burutik okerreko uste hori, ezinezkoa dela zure lehiakideak zirenekin adostasunik lortzea”.

Javier Alcobak, Grupo Mecalbe-ko zuzendari nagusiak, adierazi du beren lehenengo krisia 1992an bizi zutela, eta “ez ginen konturatu 1995era arte. Inguruko enpresentzat baino ez genuen lan egiten eta orduan egin genuen jauzia”. Alcobak argi eta garbi esan du: “Mundua ikusi behar da, irten. Arriskua neurtu, laguntzaileren bat bilatu, tresna asko baitago SPRIk eskaintzen dituenak bezalakoak. Bestela, lehiakideak etorriko zaizkigu hona”.

 Walter Mattheus-ek, GAIA Trade Factory-ko zuzendari nagusiak, azaldu du nola sortu zuten konpainia berri bat sei enpresaren artean, eta nola “lehenengo zailtasuna izan zen lehiakideekin mahai baten inguruan eseri eta biluztea”.

Koldo Arandiak, Ibarmiako zuzendari kudeatzaileak, ireki du atzerrira hedatu beharrean hedapen organikoak burutu dituzten enpresen mahai-ingurua. Esan du bere konpainiak erabaki zuela uko egitea famili enpresaren jatorrizko produktuari, eta plantilla, hasieran 80 lagunekoa, handitu egin behar izan dela, “zeren tamaina urrun baitago eraginkortasun-mailatik, izan ere diseinatu, fabrikatu eta aholkularitza teknikoa ere eskaintzen baitugu. Barne hausnarketa bat egin genuen, dena goitik behera aztertzeko. Pertsonak ezinbestekoak dira eta erabaki genuen taldea mantentzea gutxieneko salmentekin; gure asmoa da hiru urteko epean fakturazioa bikoiztea”.

Lander Guibelaldek, Hine Group-eko zuzendari nagusiak, esan du hauxe dela bere konpainiaren leloa: ”Hazten ez dena, txikitzen ari da”. Bezeroek behartzen zaituzte eurak dauden lekura joatera. Gure kasuan ez zegoen ia beste aukerarik salbu nazioartekotzea”.

Ega Master-eko zuzendari nagusi Aner Garmendiak azaldu duenez,  esku-tresnaren sektorea “oso heldua da eta ehunka enpresa daude sektore horretan”, baina bere enpresaren abantaila lehiakorra izan da tamainaz txikiagoa izatea. “Hurbiltasuna, malgutasuna eta erabaki azkarrak eskaintzen ditugu. Horrek aukera eman digu enplegua sortzeko krisialdian eta aurten zenbaki bikoitzeko hazkundea edukitzeko”. Esan du hazkunde organikoa motelagoa dela, “baina aukera ematen digu modu orekatuagoan hazteko, arrisku gutxiagorekin eta talde osoan kultura komuna sortuz”.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke