Euskal enpresek negozio aukerak dituzte Argentinan, Munduko Bankuak eta BIDek finantzaturiko ia 6.600 milioi euroko inbertsioetan

2016ko Otsaila 24,

Logo del BID.
Amerika Arteko Garapen Bankurako (BID) logoa.

Macriren gobernuak agindu du bi banku multilateraletara joko duela garapen proiektuak finantzatzeko.

Euskal enpresek negozio aukera berriak dituzte Argentinan, Mauricio Macrik zuzentzen duen gobernuak agindu baitu Munduko Bankura eta Amerika Arteko Garapen Bankura (BID) joko duela garapen proiektuak finantzatzeko.

 

Bi finantza erakunde horiek 6,7 bilioi dolarreko (6.500 milioi euro inguru) proiektuak dituzte, batzuk 2013tik prest daudenak eta beste batzuk, ordea, prestatzen ari direnak. Bi erakunde horiek jarduera handia dute Argentinan, banku multilateralen finantzaketa gehien jasotzen duen Latinoamerikako herrialdeetako bat baita. Zehazki, BIDek 3,6 bilioi dolarreko (3.300 milioi euro inguru) 21 proiektu ditu eta Munduko Bankuak, berriz, 3,1 bilioi dolarretik gorako (ia 3.000 milioi euro) 13 operazio.

 

Gainera, proiektu horiek euskal enpresentzat egokiak diren sektoreen barruan kokatuta daude. BIDek, esaterako, sektore hauetako proiektuak ditu: ingurumena klima aldaketatik babestea, energia, ura eta saneamendua, garraioa eta burdinbideak.  Munduko Bankuak, berriz, helburu hauetara bideratu du bere finantzaketa 2018ra arte: ur edangarria eta argindarra eta osasunaren estaldura unibertsala eskaintzea; ingurumenarentzako arriskuak murriztea eta baliabide naturalak babestea; eta enplegua sortzea.

 

Hona hemen jada onartuta dauden proiektu batzuk: hiriguneetarako ur edangarrirako eta saneamendurako programa, 240 milioi euroko kostua duena eta BIDen 190 milioiko mailegua jasoko duena; landa eremuetarako energia berriztagarrien proiektua, 230 milioiko aurrekontua duena eta Munduko Bankuaren 190 milioiko mailegua jasoko duena; arrantza eta haztegiak garatzeko programa, 50 milioiko inbertsioa egingo duena eta BIDen 27 milioi inguruko finantzaketa jasoko duena; eta burdinbide linea baten hobekuntza integralerako proiektua, 450 milioi euroko aurrekontua duena eta BIDen 270 milioiko mailegua jasoko duena. Horiekin batera, bada Buenos Airesen prestatze-fasean dagoen eta uholde arriskuak kudeatzea helburu duen proiektu bat, ia 300 milioi euroko kostua duena eta Munduko Bankuaren 190 milioi euroko finantzaketa jasoko duena.

 

BIDeko presidente Alberto Moreno abenduan joan zen Argentinara. Hango gobernuko agintari berriekin bildu zen eta adierazi zien BIDek asmoa zuela Argentinako jarduera-maila handitzeko.

 

Enpresaren batek informazio gehiago nahi badu Garapenerako Banku Multilateralek finantzatutako proiektuetan sor daitezkeen negozio aukerei buruz, jar dadila harremanetanenpresen garapenerako euskal agentziako (SPRI) Leire Intxaustirekin (lintxausti@spri.eus)  edo Development Finance International (DFI), Inc. Erakundeko Emilio Bungerekin (ebunge@dfintl.com).  DFIk Mundura Begira-Mirando el Mundo kongresuan parte hartuko du 2016ko martxoaren 16an eta 17an. Ekitaldia Bilbon eta Donostian egingo da, eta bertan aurkeztuko dute Nazioartekotzearen Euskal Partzuergoa (NEP), hots, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta hiru lurraldeetako merkataritza ganberek sortutako organismoa, zeinak helburutzat  baitu lankidetzan jardutea enpresei nazioartekotzen laguntzeko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke