Euskal enpresak Indiako Herri-Proiektuetan ari direla egiaztatu du Tapiak

2015ko Martxoa 25,

imagen_spri_internacionalizacion

Sener enpresak gas natural likidoa biltegiratzeko planta baten eraikuntzan parte hartuko du; aukera berriak irekitzen ditu euskal industriarentzat. Annad Mahindrak sailburuari harrera egin dio eta CIEk Maharashtran ezartzeko daraman prozesu ona berretsi du. Euskal ordezkariak Singapurrera joango dira, ostiralean SPRIren bulego berria inauguratuko baitute


Singapurrera joan aurretik Indian emandako azken egunean, Eusko Jaurlaritzaren eta SPRIren ordezkariek bi hitzordu izan dituzte; lehena, Maharashtrako Finantza eta Plangintzako ministro Sudhir Sachchidanandekin, eta bigarrena, Mahindra taldeko zuzendari nagusi Anand Mahindrarekin.

Maharashtrako gobernuko ordezkariarekin izandako bileran, Arantxa Tapiak estatu horrek enpresa-jarduera erakartzeko zer tresna eta mekanismo eskaintzen dituen ezagutu nahi izan du, baita EAEko enpresei kontratu berriak ekar diezazkieketen jarduera-esparruak ere (SENER enpresak aste honetan sinatutako hitzarmena, adibidez).

Maharashtrako estatuko lurzoruaren eta industriari laguntzearen arloko politikak aztertu ez ezik, bileran automozioa eta energia ere izan dituzte hizpide –azaldu du Tapiak–, euskal enpresak aurrera egiten ari baitira Indian sektore horietan.

«Energiari dagokionez, Euskadiko enpresentzat biziki interesgarriak diren hiru alderdi landu ditugu, besteak beste: energia berriztagarriak (Gamesa Indiako hainbat tokitan ezarri da horrelakoak garatzeko), eraginkortasun energetikoa eta smart cityak, eta gas naturala, gasa biltegiratzeko hiru azpiegituraren ezarpenarekin; horretan Sener enpresa ere arituko da, euskal enpresak aste honetan bertan iragarri duen moduan».

Sener enpresak Indiako gas-sektorearen lehen kontratua lortu du, herrialdean azpiegituren eta garraioaren arloko hainbat proiektutan lanean bi urtez aritu ostean. Hala bada, euskal enpresak gas natural likidotua biltegiratzeko planta bat eraikitzen parte hartuko du, eta etorkizunean kontratu berriak lortzeko aukerak irekiko zaizkio.

Anand Mahindraren harrera

 

Halaber, Mahindra taldearen eta Mahindra CIEren jabe Anand Mahindrak harrera egin dio sailburuari; herrialdean eragin handiena duen enpresaburuetako bat da hori Lakshmi Mittalekin batera.

Mahindra CIEren Indiako ezarpen arrakastatsuaz hitz egin dute, baita CIEren izaera multilokal eta multiteknologikoaz ere, gaur egun forjaketa, mekanizatu, estanpazio eta abarretako sei planta baititu India osoan.

EAEko ordezkariek horrela amaitu dute Indiako egonaldia, eta Singapurrera abiatuko dira, ostiralean SPRIren bulego berria inauguratuko baitute. Euskadiko ordezkarien Singapurreko egonaldian, orobat, dolu ofiziala egingo dute aste honetan han Lee Kuan Yew «Singapurren aita» deitutakoaren heriotzagatik, lehen ministroa izan zenean modernizatzeko prozesuaren buru izan baitzen.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke