Euskadik konpromisoa hartu du Kubarekiko truke ekonomikoa indartzeko

2015ko Martxoa 18,

imagen_spri_internacionalizacion

Kuban lan egiten duten euskal enpresariekin eginiko jardunaldi batean, Miren Madinabeitia SPRI Taldeko Nazioartekotze zuzendariak adierazi du enpresa-bidaia instituzional bat antolatzen ari direla aurtengo lehen hiruhilekorako. 130 euskal enpresak merkataritza-harremanak dituzte Kubarekin, eta 40 daude bertan ezarrita.

Eusko Jaurlaritzak eutsi egin dio Kubarekin “truke ekonomikoa eta garapen komuna” bultzatzeko hartua daukan konpromisoari, eta halaxe adierazi du asteazken honetan Miren Madinabeitia, SPRI Taldeko (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentzia) Nazioartekotze zuzendariak. Madinabeitiak parte hartu du Kubako Euskal Enpresarien Elkarteak Bilboko Merkataritza Ganberan antolatutako jardunaldian, eta bertan izan da halaber Karibeko herrialdeak Espainian duen enbaxadorea, Eugenio Martínez.

SPRI Taldeko Nazioartekotze zuzendariak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzaren enpresa-bidaia instituzional bat antolatzen ari direla eta “aurtengo lehen hiruhilekoan” egingo dela. Gogorarazi du 130 enpresa inguruk dituztela “harreman komertzial egonkorrak Kubarekin, beste 40 enpresa daudela ezarrita Kuban, eta horrek argi adierazten duela Kubako merkatuan gauzatzen diren negozioak sendoak direla”.

Historikotzat jo du Habanako Fihav azokan parte hartu izana, 2014ko edizioan 32 euskal enpresak parte hartu baitzuten erakusle gisa (2012an 22 izan ziren). “Gure enpresak lanean ari dira egunero goi-mailako garapen teknologikoak lortzeko. Prestakuntza eta lanbide heziketa ematen dizkiete langileei, baliabideak optimizatzen saiatzen dira merkatu global izugarri lehiakor batean, eta etengabe saiatzen dira horretan gaitzen ahalegin eta sakrifizioa eginez, gehienak enpresa txiki eta ertainak baitira”.

Eugenio Martínez Kubako enbaxadoreak animatu egin zituen jardunaldian parte hartu zuten euskal enpresariak Kuban inbertitzera, bereziki berrikitan gertatu diren legeria aldaketen ostean eta Estatu Batuekiko harremanak normaltzen hasi diren honetan. “Une honetan, atzerriko inbertsioen legeak zehaztu egiten du zein diren zerga salbuespenak  eta zenbat denboran aplikatzen diren. Horrez gain, aukera berriak dituzten negozio-arloak agertzen dira urtez urte”. Martínezek esan du une honetan badirela Kuban atzerriko kapitalaren bidez garatuko diren 246 proiektu. Euskadira etorri den Kubako ordezkaritzak Mariel portuko proiektua aurkeztu du, hots, Habanatik 40 kilometrotara dagoen portu bat eta, garapen-eremu berezi bezala sailkatua izan denez, abantaila fiskal gehiago dituena. Kubako agintariek atzerriko inbertsioa erakarri nahi dute. Ontzi handiak hartzeko portua da, merkatugaiak bertatik Ipar Amerikara eta Karibera banatzeko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke