Euskadi inbertitzeko eta enpresen arteko loturak estutzeko lurralde erakargarri gisa eskaini da Alemanian

2015ko Urria 07,

spri_internacionalizacion_tapia en alemania (Medium)
Arantxa Tapia sailbura, Berlinen.

Tapia: «Autogobernua eta fiskalitatea, industriaren eta berrikuntzaren arloetako politikekin batera, gure lehiakortasun-faktoreak dira». Sailburuak euskal enpresa-sarea ahaltsua dela baieztatu du eta Europako hidden champion gisa aurkeztu du. Alemaniako ETEen elkarteak, BVMWk, euskal enpresekiko loturak estutzeko interesa daukala aitortu du.

BMWk Berlinen daukan bulego-egoitzan, gaur goizean, «Basque Country, hidden champion bat eta enpresa berritzaileentzako helmuga» jardunaldia egin da. Bertan, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak Euskadi «enpresentzako ateak irekita» dituen lurralde gisa aurkeztu du.

BVMWk, Alemaniako Enpresa Txiki eta Ertainen Elkarteak, antolatu du jardunaldia, Sprik Munichen daukan bulegoaren laguntzaz, Euskadi lurralde industrial aurreratu gisa eta Alemaniako enpresentzako helmuga bikain gisa aurkezteko helburuarekin.

Tapiak berritzeko potentziala daukan, atzerriko inbertsioak jasotzeko prestatuta dagoen eta Alemaniako enpresak balio erantsi handiko produktuz eta zerbitzuz hornitzeko gai diren enpresa-sare bat barne hartzen duen herrialde bat eskaini du. «Euskadi eta bere enpresa-sarea Europarako hidden championa dira», adierazi du.

Autogobernua eta fiskalitatea, lehiakortasun-faktoreak

 

Sailburuak bere hitzaldian nabarmendu duenez, autogobernua eta politika fiskaleko sistema propioa Euskadiren lehiakortasun-elementuak dira, berrikuntzaren eta nazioartekotzearen arloetako politikekin batera, baita konfiantzarekin eta herrialde osoaren fidagarritasun mailarekin lotutako elementu ukiezinak ere.

Nazioartekotzeari egin dion aipamenean, sailburuak Euskadiren irekitze mailan aurrerapausoak eman behar direla aitortu du. Eusko Jaurlaritzak munduko 70 herrialdetan dauka ordezkaritza eta «badakigu ekonomia kanpora irekitzearen eta gizarte osoa nazioartekotzearen arloetan sakondu behar dugula».

Eusko Jaurlaritzak inbertsioak erakartzera zuzendutako bere «Invest in Basque Country» estrategiaren barruan parte hartu du jardunaldi honetan, baina Alemaniaren kasuan, bi herrialdeen arteko enpresa-harremanak areagotzea du helburu.

Horregatik, jardunaldian, besteak beste, PMG-Polmetasa taldeko CEO Michael Krehl-ek parte hartu du. Berak Euskadin 1991tik kokatuta dagoen Alemaniako enpresa gisa izan duten esperientzia azaldu du. Beren planta Arrasaten kokatuta dago eta aktibo estrategiko bihurtu da, ez ekoizpen-baliabide gisa bakarrik, baita taldeko negozio-unitateetako baten lehiakidea bihurtu delako ere.

Euskadi, Europako hidden champion bat

 

Aitortu beharra dago Euskadiren eta Alemaniaren arteko harreman ekonomikoek jada ibilbide bat egin dutela, baina asko dago hobetzeko eta sakontzeko. Hainbat hamarkadaz, teknologia eta berrikuntza oso serio hartu ditugu, eta Alemaniarekin elkarlanean, 4.0 industria ezartzeko lanean ari gara.

Euskadi, bere autogobernu bereziaz eta enpresa-sarearen potentzialitate handiaz baliatuta, erabaki- eta ekoizpen-esparru lokal baten aldeko apustua eginez merkatu berrietan toki handiagoa lortu eta nazioarteko aliatu berriak izan nahi dituen hidden champion gisa aurkeztu da.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke