Energia berriztagarriak eta zaintza medikoa, Japoniako negozio aukerak

2015ko Apirila 29,

spri_internacionalizacion_intergune
Pertsonal bilaketak Araba Teknologi Parkean.

SPRI Taldeak euskal enpresen nazioartekotzea bultzatzeko antolatu duen Intergune2015 foroaren hirugarren jardunaldian jakinarazi dute Japoniak lehengaiak eta produktu berritzaileak behar dituela. Marokok ere hainbat aukera eskaintzen ditu, 24 industria-parke eraikitzen ari direlako lehentasuna emateko automobilgintzari, aeronautikari, elektronikari, bioteknologiari, ehungintzari eta ingurumenari. Pablo Fanok, SPRIk AEBetan duen bulegoko arduradunak, azaldu du AEBetan enpresek “etengabe” aurre egin behar dietela giza-baliabideen “arazoari”.


SPRI Taldeak euskal enpresen nazioartekotzea bultzatzeko antolatu duen Intergune2015 foroaren hirugarren jardunaldian aztergai izan dituzte Japonian, Marokon eta AEBetan inbertitzeko aukerak. “Japoniak lehengaiak eta produktu berritzaileak behar ditu. Hiru sektore hauek eskaintzen dituzte aukera gehien: energia berriztagarriak, zaintza medikoa eta IKTak”, esan du Eduardo Peñak, SPRIren (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziaren) Japoniako aholkulariak.

Peñak azaldu du energia berriztagarriek aukera handiak dituztela, zeren Fukushima zentralaren hondamendia gertatu zenetik (2011) geratuta baitaude energiaren %33 hornitzen zuten 54 instalazio nuklearrak.  Gauzak horrela, gas bidezko instalazio termikoetara jo behar izan dute eta negozio-bide berri bat ireki da. Aukera ugari eskaintzen dituzte baita ere zaintza medikoek, japoniarren zahartze-tasa handia delako, eta IKTek (Informazio eta Komunikazio Teknologiek), “Japoniako industria garrantzitsuena direlako eta BPGren %10,7 ordezkatzen dutelako (770.000 milioi euro)”.

Aholkulariak adierazi du Japoniaren ekonomiak pisu txikiagoa duen arren mundu mailako ekonomian (BPGren %15etik %8ra igaro baita), munduko hirugarren ekonomia dela eta %3,5eko langabezia duela. Peñak azaldu du ezen, 90eko hamarkadako geldialdia eta 2008ko krisialdi globala gorabehera, ia erabateko enplegua duela  “enpresa askok atzerrian zituztelako beren lantegiak eta, batik bat, ordukako eta segurtasun gutxiagoko zabor kontratu ugari dagoelako”. Japoniako biztanleen heren batek ditu horrelako kontratuak. Baina, bestalde, enpresa handi gehienek behar dituztenak baino langile gehiago dituzte”.

Emandako datuen arabera, Euskadik 33,5 milioi euroko produktuak esportatu zituen iaz Japoniara, baina kopuru “txikia eta oso aldakorra da”, 2012an zenbateko hori 69 milioikoa izan zelako eta 2013an 83 milioitik gorakoa. Esportazio gehienak manufaktura, galdaragintza eta automobilgintzako osagaien sektoreetakoak dira.

Maroko

Xabier Lisok, Amsel enpresako aholkulariak esan duenez, Maroko ere herrialde erakargarria da enpresentzat azken urteetan izan duen garapenagatik: 24 industria-parke eraikitzen ari dira lehentasuna emateko automobilgintzari, aeronautikari, elektronikari, bioteknologiari, ehungintzari eta ingurumenari, hots, Euskadiren sektore indartsuenetako batzuei.

“Marokoren beste lehentasunetako bat da energia berriztagarriak sustatzea, 2020an kontsumitutako energiaren %40 izan daitezen. Erraza da ondo moldatzea, gauzak ondo egiten badira. Dokumentuak behar bezala aurkeztu behar dira”, adierazi du Lisok eta baita ere esan du komeni dela ezarpen prozesua filialen bidez egitea, sukurtsalen bidez egin beharrean. Automobilgintzako soldaten kostua orduko 2,4koa da (sektore horretan daudelarik kostu handienak) Espainiako 22,5aren eta Alemaniako 45,7aren aldean.

Pablo Fanok, SPRIk AEBetan duen bulegoko arduradunak, azaldu du AEBetan ezarri nahi dutenek kontuan izan behar dutela enpresek “etengabe” aurre egin behar dietela giza-baliabideen “arazoari”. Azaldu du enpresek arreta berezia jarri behar diotela “diskriminazio ezari. Izan ere, gerta daiteke langileak diskriminazioan oinarritutako arrazoi faltsuak argudiatzea bere kontratua desegiteko eta kalte-ordain handiak jasotzeko”.

Fanok esan duenez, AEBetako gutxieneko soldata interprofesionala orduko 7,2 dolarrekoa da. “Oso soldata txikia da eta oso gai polemiko eta eztabaidagarria”. Baita ere esan du enpresariek aseguru medikuak hitzartu behar dituztela, aseguru horien kostua hileko 1.000 dolarrerainokoa izan daitekeelarik familia batentzat New Yorken. “Hara doan enpresariak aseguru bat hitzartu behar du. Derrigorrezkoa da, aseguruaren estaldura da aztertu behar dena”.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke