EbmPapst talde alemanak Ikor euskal enpresa erosi du

2016ko Urtarrila 20,

spri_internacionalizacion_ikor
Ikor Taldea.

Motor eta haizagailuetan espezializatutako EbmPapst Group talde alemanak Ikor euskal enpresa erosi du. Ikor elektronikan espezializatuta dago eta fabrikak dauzka Euskadin, Mexikon eta Txinan.

EbmPapst Group taldeak jakinarazi duenez, operazio honekin produktu elektronikoak garatu eta fabrikatzeko dituen gaitasunak bultzatu nahi ditu eta indartu egin nahi du Ipar Amerikako eta Txinako merkatuetan duen posizioa.

Egoitza Donostian duen Ikor taldeak hiru produkzio fabrika dauzka (horietako bi atzerrian, Txinan eta Mexikon), I+G zentro bat, 60 milioi euroko negozio bolumena eta  600 langileko plantilla. Produktu elektroniko pertsonalizatuen garapenean eta produkzioan espezializatuta dago, eta ezagutza zabala du aplikazio industrialetarako kontrolei eta kontrolagailuei buruz. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Arrisku Kapitalaren Kudeaketarako Sozietatea da bere akziodunetako bat.

EbmPapst taldeko presidente Rainer Hundsdörfer-ek hauxe adierazi du: “Ikor erosiz merkatu potentzial berria lortuko dugu eta, beraz, hazkunde handiagoa ere bai”. Bestalde, Ikor enpresako presidenteak, Miguel Ángel Sierrak, azpimarratu du EbmPapst taldearen “aterkipean” negozioa hobetzeko aukera berriak irekiko zaizkiela.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke