DHLk 23 milioiko inbertsioa egingo du Forondako instalakuntzak zabaltzeko

2015ko Maiatza 19,

spri_internacionalizacion_dhl foronda
DHL bulegoak Forondan

Hemendik gutxira DHLk 7.500 metro koadro gehiago eraikiko ditu Gasteizko Foronda aireportuan dauzkan instalazioetan, eta 23 milioi euroko inbertsioa egingo du horretarako.  DHL da Forondaren aktibo garrantzitsuena karga-aireportu bezala. Izan ere, DHL pakete konpainiari txiki geratu zaizkio aireportuan dauzkan 12.000 metro koadroko instalazioak, eta instalazio horiek zabaltzea erabaki du. 

Garraio konpainiak astearte honetan esan du gaur egungo 3.600 metro koadroetatik 11.100 izatera pasako direla, eta 1.400 metro koadro gehiago ere izango dituztela bulegoetan. Horrela, enpresa gai izango da orduko 21.500 pieza automatikoki prozesatzeko.
Jesús Sánchezek, Espainiako DHL Aviación konpainiako zuzendariak, komunikatu batean jakinarazi du aurten enpresak “hazkunde erritmo handia izatea espero duela, eta horregatik zabalkuntza hau funtsezkoa dela, aurreikuspen horiei tokia egiteko eta gaitasuna eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko”. Oraingo terminala 2006an egin zen, 3 milioi kilotik gorako trafikoa izan du azken hilabeteotan eta, beraz, bidalketa kopuruan %16ko hazkundea izan du iazko aldean.
Sánchezek azpimarratu du finkatu egin dituztela Gasteiztik egunero ateratzen diren hegaldiak 10 jomuga hauetara: Leipzig, Brusela, East Midlands, Bergamo, Lisboa, Oporto, Sevilla, Valentzia, Alacant eta Santiago Compostelakoa; eta egunero 20tik gora mugimendu egiten direla airez eta 30etik gora lurrez (Bilbo, Donostia, Bergara, Logroño-Soria, Iruñea, Zaragoza-Huesca-Teruel, Oviedo, Santander, Miarritze, Burgos, Valladolid-Palentzia-León-Salamanca).
Inbertsio honi esker DHLk hirukoiztu egingo du bere gaitasun operatiboa, “prozesuak optimizatuko ditu eta bezeroei eskaintzen dien zerbitzua hobetuko du” Arabako aireportuan duen nazioarteko banaketa-zentroan.  Karga bolumen handiagoa duenez, enpresak zuzeneko 200 lanpostu baino gehiago ditu gaur egun, eta zeharkako 50 postu inguru mantentzen ditu Forondako zerbitzu laguntzaileetako langileen artean.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke