Cabo Verdeko agintari eta enpresariak Euskadin izan dira inbertitzaileak atzemateko

2015ko Uztaila 15,

spri_internacionalizacion_caboverde
Cabo Verde eta SPRIko ordezkaritzak.

Cabo Verdeko agintari eta enpresariak Euskadin izan dira Cabo Verderako inbertitzaile bila. Ozeano Atlantikoan kokatutako herrialde hori kokaleku pribilegiatua da Europatik nahiz Amerikatik kontinente afrikarrera sartzeko. José Armando Duarte Cabo Verde Investimentos enpresa publikoko (Cabo Verdeko esportazioen eta atzerriko inbertsio zuzenen sustapenaz arduratzen den agentziako) presidentea SPRI Taldeko (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziako) ordezkariekin elkartu zen.

Cabo Verde Investimentos enpresako ordezkariarekin batera izan dira baita ere BOJ enpresako ordezkariak, eta horien artean Santiago Olañeta presidentea.  Cabo Verde 10 uhartez osatutako herrialde bat da eta 500.000 biztanle ditu. Turismoak herrialdearen BPGaren %22 inguru ordezkatzen du eta sektore ekonomiko garrantzitsuena da. Herrialde gaztea da eta %98ko eskolatze-tasa dauka.

Egungo gobernuaren helburuetako bat da uhartez osatutako Estatu honen ekonomia dibertsifikatzea. Horregatik, atzerriko inbertsioa lehenetsi du Eremu Ekonomiko Bereziak sustatuz. Eremu Ekonomiko Berezi horiek zerga pizgarriak eskaintzen dituzte Cabo Verdeko ekonomiari balio erantsia ematen dioten industrientzat.

Cabo Verdek lehentasunezko sarbidea du Afrikako, Europako nahiz Ipar Amerikako merkatuetara, African Growth and Opportunity Act erakundearen bidez. Horrez gain, Cabo Verdek lehentasunezko akordioak ditu besteak beste AEBekin eta Europarekin, eta CEDEAO merkatu erraldoiko kide da. Aipagarria da CEDEAO merkatuak askotariko produktuak behar dituela eta produktu horiek ez dutela aduana zergarik ordaintzen Cabo Verdetik inportatzen badira.

Atzerriko inbertsio garrantzitsuenak Erresuma Batutik, Italiatik, Espainiatik eta Portugaletik iristen dira.  Inbertitu nahi duten euskal enpresentzat, berriz, hauek dira potentzial handiena duten sektoreak: turismoa, teknologia berriak, arropa eta oinetakoak, material elektrikoa, altzari funtzionalak, arrantza, aireko sektorea, nekazaritza eta elikadura eta askotariko hornidurak.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke