Arantxa Tapia sailburuak India eta Singapurrerako misio komertzial eta instituzional bati ekingo dio

2015ko Martxoa 22,

imagen_internacionalizacion_placa modelo oficinas2a

Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Saileko euskal ordezkaritzak eta SPRIk Asia hego-ekialdeko merkatuaren potentzialtasunak aztertuko dituzte.

Misio horren barruan, SPRI Taldearen (enpresen garapenerako euskal agentziaren) Singapurreko bulego berria inauguratuko da.

Sailburua tokiko agintariekin eta herrialde haietan kokatutako euskal enpresekin elkartuko da.


Arantxa Tapiak, Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun sailburuak, India eta Singapurrerako misio komertzial eta instituzional bati ekingo dio bihar (astelehena), Asia hego-ekialdeko merkatuaren potentzialtasunak aztertzeko eta harremanak egiteko herrialde haietan kokatutako euskal enpresekin. Gainera, misio horren barruan, SPRI Taldeak (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako agentziak) Singapurren ireki duen bulego berria inauguratuko da martxoaren 27an. Inaugurazio ekitaldi horrekin amaituko da misio komertzial eta instituzional hau.

Bidaia honetan sailburuak lagun izango ditu Juan Ignacio García de Motiloa, Industria sailburuordea, Ainhoa Ondarzabal, Nazioartekotze Saileko zuzendaria eta Alexander Arriola, SPRI Taldeko zuzendari nagusia. Sailburuak astelehen goizean hasiko du bere lan-agenda, Mumbain elkartuko baita Indian arrakasta izan duten hainbat euskal enpresarekin: Gamesa, Rinder eta Mahindra CIE. Gauean Devendra Fadnavis-ekin, Maharastra probintziako ministro nagusiarekin bilduko da. Topaketa horretan, Arantxa Tapiak euskal enpresek Indian eta Maharastra probintzian eginiko proiektu esanguratsuenak aurkeztuko ditu.

Hilaren 24an (asteartea) beste bilera batzuk egingo ditu Maharastra probintziako Finantza ministroarekin eta Mahindra CIE Taldeko nahiz Crompton Greaves enpresako zuzendaritza-karguekin. Azken horrek smart grids sektorean lan egiten du eta sektore hori oso interesgarria da Euskadirentzat.

Asteazkenetik aurrera misio komertzial eta instituzional honen bigarren zatia Singapurren garatuko da, non sailburua Hwee Hua Tan Indiako Finantza ministro ohiarekin elkartuko baita eta bilera bat egingo baitu SMITech, Singapurreko Ikerketa Institutuko zuzendaritza-karguekin. Singapurreko Ikerketa Institutuak teknologi eta berrikuntza arloko ekarpen handiak egin dizkio Singapurreko manufaktura industriari. Bestalde, Arantxa Tapia sailburuak hitzordu bat izango du National Research Foundation-ekin eta beste bat IE Singaporem gobernu agentziarekin, zeinak Singapurreko kanpo ekonomia zuzentzen baitu.

Ostiralean amaituko da bidaia Iswaran Barne ministro ordearekin egingo duen bilerarekin, eta bileraren ondoren SPRI Taldeak Singapurren ireki duen bulego berria inauguratuko da, zeinaren bidez enpresen garapenerako euskal agentziaren kanpo sare zabala indartuko baita. SPRIk dagoeneko presentzia du 70 herrialde baino gehiagotan eta bulego propioak ditu 15 herrialdetan.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke