Nazioarteko aintzatespena bi euskal ikerketa-proiekturentzat

2014ko Abendua 29,


CEIT-IK4 eta TECNUNeko bi ikertzailek nazioarteko aintzatespen bana jaso dute minbiziari buruz eta trenbideko akatsen diseinu eta detekzioari buruz landu dituzte ikerketa-proiektuengatik.


Tecnuneko Ingeniaritza Biomekanikoko lehen promozioan graduatu den Oihane Mitxelena ikaskeak University College London-eko (UCL) nanoteknologia eta medikuntza birsortzaileko master amaierako proiektu onenarentzako saria jaso du minbiziari buruzko ikerketagatik.

Ceit-IK4n doktoregoa egiten diharduen ikertzaile hau lantzen ari den egungo ikerketa minbiziaren aurkako terapia-mota berri batekin lotuta dago. Zehazkiago esanda, tumoreak kaltetutako gunera sendagaia eraman eta ultrasoinu-tratamenduaren bitartez askatuko duten mikroburbuila batzuk garatu ditu. Proiektua, master guztien artean banatzen den ‘Dean’s Prize’ edo Dekanoaren Sarirako hautagai ere izendatu da.

Aldi berean, Maider Oregi doktoregaiak Union of Railways Nazioarteko Elkartearen (UIC siglekin ezagutzen da) ‘Young Research Award 2014′ (Gazteen Ikerketa Saria) jaso berri du, trenbideko akatsen diseinua eta detekzioa hobetzeko arras baliagarriak diren trenbideen mantentze-lanei buruz egin dituen ekarpen teknologikoengatik.

Oregi TECNUNeko Industria-Ingeniaria da, eta saria Parisen jaso zuen abenduaren 3an, trenbide-eragile nagusiek egiten duten urteko batzar nagusiaren barruan. Batzar honen aurreko edizioan, sari hauek banatzea erabaki zen, tren-industriaren arloan egindako ikerketa eta aurrerapenik nabarmenenak aitortzeko asmoz. Doktorego tesia Delft-eko (Holanda) Unibertsitate Teknologikoan amaitzen ari den ikertzaile gaztea “oso pozik eta eskertuta” azaldu zen ekitaldiaren buruan, “bost urteko lan gogorraren ondoren nire ikerketa aintzakotzat hartzeagatik”.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke