Navacel-ek munduko lehenengo parke eoliko flotatzaileko dorreak garraiatzeko lanak hasi ditu

2017ko Martxoa 14,

Bost dorreen zamalanak otsailaren amaieran hasi ziren Bilboko Portuan

Euskal konpainiak fabrikatzen dituen piezak Eskozian kokatutako instalazioan erabiliko dira

 

Navacel ekipo-ondasunen arloko enpresa bizkaitarrak Eskoziako uretan finkatuko den mundu osoko lehendabiziko parke eoliko flotatzaileko aerosorgailuen egituretan txertatutako bost dorreen zamalanak hasi ditu.

 

HyWind Scotland Pilot Park delakoa dugu itsas-energia eolikoa sortzeko ur gainean finkatuko den lehenengo parkea, Peterhead-Aberdeenshireko kostaldetik 25 kilometrora, Eskozian. Instalazioa urte amaieran abian izango da eta guztira 20.000 etxebizitza hornitzeko energia sortuko du.

 

Bost dorreen zamalanak otsailaren amaieran hasi ziren Bilboko Portuan, dorreen atalak Norvegiako Stord Base-n dagoen muntaketa-gunera eramateko asmoz. Muntaketa-lanak amaituta, dorreak ur gaineko parke eolikora eraman eta airesorgailuak gaineratuko zaizkie.

 

Erandion egoitza duen konpainia honek fabrikatutako dorreek 620 tonako pisua dute, 83 metroko altuera eta 7,5 metroko diametroa oinarrian eta 4,2koa turbina jarriko den goiko aldean.

 

Norvegiako Statoil petrolio-konpainiak enkargatutako ur gaineko parke eolikoa egiteko proiektua 2016ko apirilean abiatu zen. Navacel-ek egindako lanen artean, egiturako materialen erosketa, dorreen fabrikazio-prozesu osoa, azaleraren tratamendua eta dorreetako sistema elektromekanikoaren eta barruko osagaien instalazioa nabarmen daitezke.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke