MIDAS, osasun sistementzako big data plataforma berritzailea

2017ko Otsaila 21,

Portal del proyecto europeo MIDAS.
Sei osasun sistemak parte hartzen dute proiektuan.

Euskadik Europako proiektuan parte hartzen du BIOEFen bitartez.

 

Egunero sortzen da osasunarekin lotutako datu kopuru handi bat, eta datu horiek osasun sistema publikoetatik eta administrazioetatik datoz, baina hiritarrek ere sortzen dituzte, aplikazioak eta sentsoreak erabiliz. Informazio hori oso baliotsua izan liteke zerbitzu publikoak eta erabakiak hartzeko prozesuak hobetzeko. Kontua da, oso heterogeneoa denez, oso zaila dela modu bateratuan kudeatzea.

 

Europako MIDAS proiektuak –Meaningful Integration of Data Analytics and Services hitzen siglak- helburutzat dauka big data plataforma bat sortzea datu multzo horiek aztertzeko eta kudeatzeko. Orain arte ez dago horrelako ezaugarriak dituen tresnarik, hau da, iturri anitzetatik osasunari buruzko informazioa erauzi eta erabakiak hartzeko informazio baliotsua ematen duenik.

 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak BIOEF erakundearen bidez (Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioa) parte hartzen dute proiektu horretan. Partzuergo horretan daude beste herrialde batzuetako osasun sistema publikoak ere, hala nola Ingalaterrakoa, Irlandakoa, Ipar Irlandakoa, Finlandiakoa eta Arizona Estatukoa (AEB). Ekimenak 4’5 milioi euroko finantzaketa jasoko du Horizontea 2020 Ikerketa eta Berrikuntza Programa Markoaren bitartez.

 

MIDAS proiektuak 40 hilabeteko iraupena izango du, eta denbora horretan tresna berriak garatuko dira datu-multzo horiek denak aztertzeko eta, bide horretatik, babes eta etika irizpideak zorrotz errespetatuz, datuak ezagutza bihurtzeko. Plataformaren helburu nagusietako bat da erronka sozialen eta osasunaren arloetan etorkizunerako erabakiak hartzeko prozesuak hobetzea, esaterako: haurren obesitatea edo adin txikikoen alkohol kontsumoa. Ekimenak kode irekiko filosofiari jarraitzen dio, proiektua amaitzean beste osasun sistema batzuek ere emaitzak erabili ditzaten.

 

Ulsterreko Unibertsitateak koordinatzen du MIDAS partzuergoa, eta baita ere parte hartzen dute Dublineko Unibertsitateak, Lovaina Zaharrak (Belgikakoa), Oulu Unibertsitateak (Finlandiakoa) eta Arizona State University-k. Era berean, proiektuko parte-hartzaile dira Vicomtech-IK4, Teknologian Tutkimeskeskus, IBM, Analytics Engined Limited eta Quintelligence.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke