Mexikoko Zonalde Ekonomiko Berezietako presidenteak SPRIri aurkeztuko dizkio euskal enpresentzat eskaintzen dituzten pizgarriak

2017ko Otsaila 21,

spri-ZEE -Alex arriola

Lan, zerga eta, besteak beste, azpiegitura arloetako pizgarriak dira, bereziki pentsatuak enpresak bertan kokatu daitezen. SPRI Mexikoko ordezkaritzarekin elkartuko da bertatik bertara ezagutzeko euren eskaintza, Mexiko jomuga interesgarria baita euskal industriarentzat. Euskal enpresek 195 ezarpen dituzte Mexikon: 81 merkataritza arlokoak, 72 produkziokoak eta 42 zerbitzuetakoak.

 

 

SPRIk harrera egingo dio Mexikoko Zonalde Ekonomiko Berezietako (ZEE) presidente Gerardo Gutiérrez Candianiri, Mexikoko sei zonaldetan kokatutako garapen-gune horien arduradun nagusiari. ZEE-k pizgarri bereziak eskaintzen dizkiete bertan kokatzen diren enpresei.

Mexikoko Gobernuak bultzatu du ekimen hori, eta SPRI bisitatuko duen ordezkaritzak euskal garapen agentziari aurkeztuko dizkio zonalde horiek eskaintzen dituzten aukera eta pizgarri guztiak.

Hona hemen euskal enpresei ezarpen prozesurako eskaintzen zaizkien abantailak: lan arloko pizgarriak, zerga arloko pizgarri zuzenak eta kanpo merkataritzarako erraztasunak. Azpiegitura eta produktibitate esparruetan, berriz, ziurtasun juridikoa, finantzaketa eta egonkortasun soziala bermatzen dute. Hiriko garapen sostengarriari dagokionez, badituzte azpiegitura sozialak, garraioak, eskolak eta ospitaleak. Eta, azkenik, ZEE-ek leihatila bakarraren funtzioa betetzen dute, tramite guztiak arinduz eta erraztuz bertan kokatzeko aukerak aztertzen ari diren enpresei.

Gaur egun, sei ZEE daude: Campeche, Tabasco, Puerto Chiapas, Coatzacoalcos, Salina Cruz eta Lázaro Cárdenas

Presidenteari asko interesatzen zaio enpresa zonalde horiek ezagutzera ematea Euskadiko erakundeen eta enpresa arloko eragileen aurrean, Mexiko lehentasunezko jomuga delako atzerriko euskal inbertsioentzat; une honetan, euskal enpresek 195 ezarpen dituzte Mexikon, bigarren herrialdea delarik (Txinaren atzetik) ezarpen kopuruari dagokionez. Horietatik 81 enpresa komertzialak dira, 72 produkzio arlokoak, eta 42 zerbitzuetakoak.

Hauek dira Mexikon ordezkaritza handiena duten sektoreak: automozioa, energia, elektronika eta telekomunikazioak, trenbideak, makina-erreminta, eskuko erreminta, ingeniaritza eta aholkularitza, aeronautika eta finantzak.

Bereziki aipatzekoa da Tehuantepec istmoa, non hainbat Zonalde Berezi baitaude. Iberdrola, Gamesa edo Ingeteam euskal enpresek dagoeneko hainbat proiektu -batik bat, energia berriztagarriekin zerikusia dutenak- gauzatu dituzte zonalde horretan.

SPRIrekin elkartu ondoren, Mexikoko ordezkariek bilerak egingo dituzte Euskadiko enpresa eta klusterrekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke