Malaysiak inbertsiorako pizgarriak eskainiko dizkie euskal enpresei

2013ko Maiatza 12,


– Muhammad Sawaddee Islamuddin-ek, MIDA-Malaysian Investment Development Authority-ko zuzendariordeak eta Malaysiak Parisen duen enbaxadako agregatu komertzialak, euskal enpresei aurkeztuko dizkie Malaysiak eskaintzen dizkien negozio aukerak.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren ekimenez, SPRIk jardunaldi bat antolatu du Bilbon, astelehenean (maiatzak 13), euskal enpresei azaltzeko zeintzuk diren Malaysiak, Asiako ekonomia gorakor eta indartsuenetako batek, eskaintzen dizkien inbertsio aukerak. Malaysiako gobernuak inbertsio politika liberal batekin babesten ditu negozio berriak pizgarri eta zergen bitartez.

Une honetan Malaysia ekonomia gorakor bat da. Bere BPGa %5,6 hazi da 186 mila milioi euroraino eta 2012an bere inportazio globalen (CIF) zifra 151,75 mila milioi eurokoa izan zen. Malaysiak 13 milioi langile ditu eta %3ko langabezia.

Balantza komertzialari dagokionez, emaitza positiboa da Euskadirentzat, zeinak 24 milioitik gora euro esportatu baititu azken urtean Malaysiara eta 20 milioi pasatuxe inportatu.

Jardunaldian zehar Muhammad Sawaddee Islamuddin-ek, Malaysiak Parisen duen enbaxadako agregatu komertzialak eta MIDAko zuzendariordeak, Malaysiak eskaintzen dituen aukerak azalduko dizkie euskal enpresei han inbertitu dezaten. MIDA izeneko organismoa duela 40 urte sortu zen Munduko Bankuaren gomendioz. Garapen agentzia horrek atzerriko produkzio nahiz zerbitzu enpresen inbertsioa erakartzen du, eta laguntza ematen du pizgarriei buruzko aholkularitza jasotzeko, lizentziak lortzeko edota tokiko bazkideak bilatzeko.

Jardunaldia amaitzeko, kasu arrakastatsu bat aurkeztuko da. Ormazabal-Velatia euskal taldeak Malaysian kokatzeko prozesuan bizi izan duen esperientzia azalduko du. Elektrizitate enpresa hori nazioartekotzearen arloko jardunbide egokien eredu da eta, hain zuzen, SPRIrekin duen lankidetza aktiboari esker antolatu da jardunaldu hau, non euskal enpresek Malaysian inbertitzeko dituzten aukerak ezagutaraziko baitira.

Jardunaldian zehar, Malaysiako ordezkari instituzionalak agintari ekonomiko eta komertzialek erakarri nahi dituzten sektore garrantzitsuenak azalduko ditu: ingeniaritza eta aholkularitza enpresak; teknologia berriak; hiri adimendunetarako teknologiak; azalera handiak; ibilgailu elektrikoa eta bere osagaiak, birkarga, mantenimendua…

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke