LibreCon kongresuak erakutsiko du nolako potentziala duten teknologia irekiek motor ekonomiko bezala

2014ko Urria 31,


Azaroaren 11n eta 12an Bilbon egingo da LibreCon, Software Librearen eta Teknologia Irekien Nazioarteko Kongresua. Edizio honek industria, merkataritza, osasuna eta hezkuntza izango ditu ardatz eta 60tik gora jarduera antolatuko dira, besteak beste hitzaldiak, kasu arrakastatsuak, tailerrak eta mintzaldiak. Topaketan 1.500 profesional baino gehiago elkartuko dira.

Euskadi software librearen eta teknologia irekien epizentroa izango da azaroaren 11n eta 12an. ESLE, Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkarteak eta ASOLIF, Software Libreko Enpresen Espainiako Federazioak antolatzen dute LibreCon kongresua, non enpresa, administrazio eta ikastetxeetako arduradunak elkartuko baitira teknologia horiek lehiakortasun motor bezala duten potentziala erakusteko.

LibreCon kongresuak dagoeneko argitaratu du egingo diren jarduera guztien egitaraua. Hitzaldiak, kasu arrakastatsuak eta tailer praktikoak eskainiko dituzte topaketaren lau ardatz hauen inguruan: industria, merkataritza, osasuna eta hezkuntza. Aukera egongo da nazioarteko kasu arrakastatsuak ezagutzeko, esaterako Municheko Udalarena, zeinak software librea ezarri baitu 14.000 ordenagailutan 10 milioi euro baino gehiago aurreztuz, edo Frantziako Jendarmeriarena, zeinak eguneroko lanean erabiltzen baititu era horretako teknologiak. Estatuko kasuen artean Bilbo, Donostia, Eibar eta Zaragozako udalen estrategia irekiak azalduko dituzte eta baita ere nola erabiltzen duten software librea Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek.

Enpresa arloan antolakunde handien hitzaldiak izango dira entzungai, hala nola Banco Santander, BBVA, Telefónica edo Ford, eta askotariko gaiei buruzko mintzaldiak ere bai, esaterako teknologia libreak erabiltzen dituzten droiak, Firefox OS edo software librea subiranotasun teknologikoa lortzeko. Tailerretan ere hainbat gai landuko dira, besteak beste 3D inprimaketa, erabiltzaile esperientziaren web analisia, HTML5 erabiltzen duten aplikazio mugikorrak eta Scratch edo Kinect One erabiltzea haurrei programazioa erakusteko.

LibreCon ekitaldiak enpresetako 1.500 arduradun eta profesional inguru biltzea espero du, denen aurrean azaltzeko enpresa munduarentzat eta administrazio publikoentzat benetako alternatiba bilakatu den sektore honen onurak, konponbide lehiakorrak eskaintzen dituenak tokiko ekonomien garapena sustatzeko. Kongresu horrek Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren eta EJIEren bitartez), Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren laguntza du

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke