Leartiker zentroak Fakuma nazioarteko azokan aurkeztu du bere 3D inprimaketako estrategia

2014ko Urria 30,


Leartiker ikerketa taldeak zerbitzu berri bat aurkeztu du Alemaniako azokan, zeinaren bidez enpresa industrialek kostu baxuko 3D inprimaketako zerbitzuak jaso baititzakete, aliantza bat eginez Tumaker euskal enpresarekin. Zerbitzuaren barruan eskaintzen dira makinak, prestakuntza eta material espezifikoak.

Leartiker lantaldea plastikoen prozesamenduan espezializatutako Fakuma nazioarteko azokan izan zen urriaren 14tik 18ra, zerbitzuak eta produktuak nazioartekotzeko bere estrategiari jarraiki. Bere garapen linea tradizionalez gain, Leartiker Polymer R&D zentroak 3D inprimagailuak egiten dituen Tumaker euskal enpresarekin duen aliantza berria aurkeztu zuen azokan.

Lankidetza horren xedea da Tumaker enpresak sortutako inprimagailuak, batik bat indibidualki edo etxean erabiltzeko diseinatuak, esparru industrialera egokitzea. Horretarako zerbitzu osoa eskainiko diete enpresa industrialei: makina bera (3D inprimagailua), teknologia hori enpresaren premiei egokitzeko prestakuntza prozesua eta jardueraren arabera beharko dituzten material espezifikoak. “Inprimagailu honekin pieza industrialen ia %80 egin daitezke, makina industrialek duten kostuaren %10ean” azaldu du José Javier Egurrola, Leartiker Polymer R&D zentroko zuzendariak. “Aliantza honen bidez Tumaker enpresak inprimagailuaren diseinua egiten du eta guk piezak fabrikatzeko lehengaia ematen dugu”.

Ikerlari taldeak dioenez, zerbitzuak interesa piztu zuen Alemaniako azokan, non plastikoaren eraldaketa prozesuak lantzen baitituzte nagusiki. Aurtengo edizioan azokak 12 pabilioi eta 1.700 erakusle baino gehiago bildu zituen. Leartiker taldeak ikerketan, garapen teknologikoan eta berrikuntzan jarduten du bi espezializazio ildotan: Polymer R&D eta Elikagaien Teknologia. Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko erakundea da eta Markina-Xemeingo berrikuntza gunean dago kokatuta.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke