Lazpiur, mende oso bat industria-berrikuntzaren alde

2014ko Azaroa 11,


Goi-teknologiako makineriaren eta galdaketako tresneriaren diseinu eta fabrikazioan espezializatutako Lazpiur enpresa gipuzkoarrak lehen mendeurrena ospatu du aste honetan, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia buru izan dituen ekitaldi batean.


2005etik 2011ra Confebaskeko presidentea izan zen Miguel Lazpiurren gidaritzapeko Bergarako enpresa honek ehun bat langile ditu eta 20 herrialde baino gehiagotan hedatuta dago. Enpresa familiar hau oinetakoak ekoizten hasi zen joan den mendearen hasieran, baina Gerra Zibilaren amaieran, iltzeak fabrikatzeari ekin zion. Zenbait urte geroago, piezen mekanikazioan murgildu zen, eta 1964an lehen patentea lortu zuen: hegalak dituen elikagailu bat.

Gaur egun, hogei bat patente dituela, erreferentziazko enpresa bilakatu da produktibitatea hobetzeko ildo eta prozesuen automatizazio mekanikorako soluzio integralen garapenean. Honen haritik, automobilgintza, tren bidezko garraioa, galdaketa, eraikuntza eta etxetresna elektrikoak bezalako sektoreen hornitzailea da.

Lazpiur ekipo-ondasunen euskal sektorearen erreferentzietako bat da gaur egun. Jardunean egindako urte hauetan guztietan eskuratu dituen aintzatespen guztien artean, Eusko Jaurlaritzak Miguel Lazpiurren ibilbide profesionalaren omenez emandako 2012ko Korta Saria eta 2006an lortutako Kalitatearen Urrezko Q delakoa nabarmen daitezke.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke