Latinoamerika, Europa eta Afrika izan dira protagonistak Intergune2014 ekitaldian, non ikusi baita euskal enpresa-sarea gero eta gehiago eta hobeto txertatuta dagoela nazioartean.

2014ko Apirila 08,


SPRIren Kanpo Sareko ordezkariek hiru euskal hiriburuetan 598 elkarrizketak egin dituzte 402 enpresekin.
Ikusi aurkezpen gustiak. INTERGUNE 2014. Latinoamerika, Ipar Amerika, Asia, Ekialde Ertaina eta Europako merkatuen potentziala.


Herrialdeka, Mexiko, Peru, Frantzia, Kolonbia, Txile eta Alemania, eta zonalde geografikoka, Europa, Latinoamerika eta Afrika izan dira Intergune 2014 Nazioarteko Foroan parte hartu duten euskal enpresen interesgune garrantzitsuenak. SPRIren Kanpo Sarearekin egindako topaketa horren ondorio kualitatiboa da euskal enpresak negozio-proiektu helduago eta hausnartuago batekin aurkeztu direla eta askoz argiago dutela zein herrialde edo zonaldetara zabaldu nahi duten. Ondorio horiek agerian uzte dute nazioartekotzearen bilakaera positiboa izaten ari dela.

 

Hauxe da euskal enpresek SPRIren Kanpo Sareko ordezkariekin hiru euskal hiriburuetan egin dituzten elkarrizketen balantzea: 213 bilera egin dira Europari buruz, 148 Latinoamerikari buruz, 104 Afrika eta Ekialde Ertainari buruz, 71 Ipar Amerikari buruz eta 62 Asia eta Ozeaniari buruz. Herrialdeka, bilera gehien Mexikori buruz egin dira (38), eta jarraian herrialde hauei buruz: Peru (33), Frantzia (31), Kolonbia (31), Txile (31), Alemania (30), Erresuma Batua eta Irlanda (26), Estatu Batuak eta Errusia (24) eta Maroko eta Brasil (23). Guztira 598 elkarrizketa egin dira eta elkarrizketa horietan 402 enpresak hartu dute parte.

 

Intergune2014 topaketa bukatu ondoren heldutasun handiagoa nabari da enpresen proiektuetan eta enpresek laguntasuna eskatzen duten gaietan.  Aurreko edizioen aldean murriztu egin dira herrialde edo zonalde geografiko jakin bati buruz informazio orokorra eskatzeko elkarrizketak eta, aldiz, hazi egin dira nazioartekotzeari buruzko gai zehatzen gaineko galderak.

2014ko edizio honetan enpresek gehienbat ezarpen komertzialei buruzko galderak egin dituzte, eta hori da hain zuzen nazioartekotze prozesuaren lehen urratsa. Gai horren gainekoak izan dira Latinoamerikari buruzko kontsulten %43, Europari buruzkoen %51, Afrikari eta Ekialde Ertainari buruzkoen %30 eta Ipar Amerikari buruzkoen %35.

 

Interguneren edizio honetan parte hartu duten enpresek adierazitako bigarren interesa merkatu analisiak egitea izan da. Gehienbat Asia, Afrika eta Ekialde Ertainari buruzko merkatu analisiak eskatu dituzte. Enpresen iritziz funtsezkoa da merkatu horietan Kanpo Sarearen laguntza izatea lehenengo urratsak emateko. Halere, Europa bezalako merkatu naturalen hurbiltasuna edo Latinoamerika nahiz AEB bezalako herrialdeekin dugun kultur kidetasuna dela medio, euskal enpresek ez dute izaten SPRIren laguntzaren hainbesteko premiarik lehenbiziko urratsak egitean, baina bai hurrengo faseetan. Zehazki esanda, SPRIko AEBetako delegatuak jasotako eskaeretatik %20 AEBetarako bidaia-agendak prestatzeko eskaerak izan dira.

 

70etik gora herrialdetara hedatzen den Kanpo Sareko ordezkariekin elkarrizketatzeko aukera emateaz gain, Intergune 2014 Foroak zazpi hitzaldi-eztabaida antolatu ditu jomuga geografiko batzuei buruz, eta toki horiek aukeratzeko arrazoia izan da zuzeneko zerbitzua ematen dietela atzerrira irteten diren euskal enpresei eta enpresek jomuga horiei buruzko interesa agertu dutela azken ekitaldian. SPRIko ordezkariek berek emandako hitzaldi horiek jomuga hauei buruz izan dira: Angola, Turkia, Magreb, Asia (Txina, Japonia, India eta Singapur), Europa (Alemania, Polonia, Txekiar Errepublika eta Eslovakia, Errusia), Latinoamerika (Argentina, Uruguai, Brasil, Txile eta Kolonbia) eta Ipar Amerika. Guztira 270 enpresak parte hartu dute eta Europa, Latinoamerika eta Ipar Amerikari buruzko hitzaldiak izan dira entzule gehien bildu dutenak.

 

SPRIren Kanpo Sareko ordezkariak beren herrialdeetara itzuli badira ere, garrantzitsua da gogoratzea SPRIk bideo-konferentzia zerbitzu bat duela, zeinaren teknologiak posible egiten baitu kalitate handiko elkarrizketak egitea, hainbeste ezen pentsa bailiteke enpresa eta SPRIko ordezkaria areto berberean daudela. Zerbitzu honekin, euskal enpresak bere zalantzak argitu ditzake eta bere proiektuan aurrera egiten jarraitu hurrengo topaketara arte. Bideokonferentziarako hitzordua eskatzeko, interesatuek zuzenean harremanetan jarri beharko dute Spriko Nazioarte Sailrekin posta elektronikoz (internacional@spri.es) edo 944037080 telefonoan.

 

 

SPRIren kanpo sarea

SPRIren Kanpo Sareko profesionalek euskal enpresen edozein ekimen bultzatzen eta sustatzen dute 70etik gora herrialdetan. Era guztietako laguntza eta informazioa, orokorra nahiz partikularra, ematen zaie euskal enpresei, dela herrialde edo eremu geografikoei buruz, dela aurkezten dituzten negozio proiektuen alderdi zehatzei buruz. SPRIko profesionalek lagundu egiten diete hainbat gai aztertzen eta hausnartzen, adibidez atzerriko negozio-aukera batek ba ote duen behar bezainbat giza eta diru baliabide, produktua lehiakorra ote den edo jarduera sektoreak ba ote duen merkatu nitxorik hautatutako herrialdean. Gainera, informazioa ematen diete kontsumoaren bilakaerari eta joera aldaketei buruz, azaltzen diete nolako eragina duten aldaketa horiek merkatuko lehentasunetan, zeintzuk diren herrialde garrantzitsuenetako aukera eta zailtasunak, eta abar.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke