Eusko Jaurlaritzaren Industria – Makineriaren Renove programako eskaerek %70ean gainditu dituzte eragindako inbertsio aurreikuspenak

2014ko Ekaina 05,


– Osalanek egin beharreko segurtasun azterketaren zain dauden 420 enpresak -ia erdiak, 213, makina erremintaren sektorekoak- 489 makina berritzea erabaki dute.

– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak 9,5 milioi bideratu ditu Programara

– Datu horiek frogatzen dute euskal industriak apustu sendoa egin duela produktibitatea, segurtasuna eta lehiakortasuna hobetzeko


J.I. Motiloa, Viceconsejero de Industria y Energia y Alexander Arriola en rueda de prensa en BIEHM

J.I. Motiloa, Industria Sailburuordea eta Alexander Arriola, SPRIko zuzendari nagusia BIEHMeko prentsaaurrekoan

 

420 enpresak gainditu egin dituzte Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak sustatu eta SPRIk kudeatutako Industria-Makineriaren  Renove Programak ezarritako hasierako helburuak, 489 eskaera aurkeztu baitituzte. Eskaera horiek 107,7 milioi euroko inbertsioa eragingo dute, aurreikusitakoa baino %70 gehiago. Osalanen analisia eta batzorde exekutiboak egiteke badaude ere, oraingoz zifrak nahikoa dira erakusteko euskal industriak apustu sendoa egin duela produktibitatea, segurtasuna eta lehiakortasuna hobetzearen alde.

 

Programa honen bitartez berritu nahi diren 489 makinen ia erdiak, 213 zehazki, makina erremintaren sektorerako dira eta 52,6 milioi euroko inbertsioa eragingo dute. Gainerako eskaerak sektore hauetakoak dira: galdaketa (87), kautxuaren eta materia plastikoen eraldaketako industriak (19), elikagai eta edarien industriak (17), nekazaritzako makinak (16), siderurgia (13), paperaren industria (13), zerraketa eta zuraren industria (9), eta abar

 

Pasa den urtearen amaiera aldera, Arantza Tapiak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak, eta Alex Arriolak, SPRIko zuzendari nagusiak, Programaren ezaugarri eta helburu nagusiak aurkeztu zituzten. 9,5 milioi bideratu zirelarik programa horretara, Eusko Jaurlaritzak ahalegin berezia egin zuen Euskadiko ETEek makina berriak eros zitzaten, helburua baita beren modernizazioa, segurtasuna eta produktibitatea areagotzea eta, beraz, Euskadiko enpresa-sare osoaren lehiakortasuna hobetzea. Une hartan 63 milioi euroko inbertsioa eragingo zela aurreikusi bazen ere, 44,7 milioitan gainditu dira eragindako inbertsio aurreikupenak.

 

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak adierazi duenez, sektorearekin batera diseinatu eta baloratutako programa honen xedea da enpresetako aktiboen zati bat berritzea eta makinak puntuan jartzea ikuspegi guztietatik, betiere produktibitatea hobetuz eta pertsonen segurtasuna zainduz.

 

Aurkeztutako eskaeretako datuek agerian uzten dute euskal enpresak ez duela ahaztu lehiakortasunaren aldeko apustua, ezta jarduera industrialak joera aldaketa bat bizi duen une honetan ere. Hain zuzen, orain inoiz baino prestatuago egon behar dute produkzio eta eskaera berriei aurre egiteko.

 

Lurraldeka, Gipuzkoako –makina erremintaren sektorean tradiziorik handiena duen lurraldeko- 203 enpresak parte hartu dute programan eta 240 eskaera aurkeztu dituzte. Bizkaian 119 enpresak 136 eskaera aurkeztu dituzte eta Araban, berriz, 98 enpresak makina berriak erosteko 113 eskaera egin dituzte.

Programa beraizik zuzendurik dago makinak berritzeko premia duten ETEei, programa honen bidez berritze eta modernizazio prozesuei ekin diezaieten.

 

Produktibitatea eta segurtasuna hobetzeko makina berriak

Renove Programa honen helburu nagusia da euskal enpresen lehiakortasuna bultzatzea, eta horretarako, industria arloko enpresen produkzio-ekipamenduak modernizatuko dira eta lan arloko segurtasun- eta osasun-arauetara egokituko dira, makina berriak erosiz, enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko.

Osalanek, erakunde laguntzaile den aldetik, lan esparruko segurtasun- eta osasun-agiriak eta dagokion dokumentazio teknikoa aztertuko ditu, eta horrez gain, makinak ikuskatuko ditu. Gero, txosten bat igorriko dio SPRIri, eta bertan, ikuskapena egiaztatzeaz gain, haren segurtasun-baldintzak betetzen diren ala ez adieraziko da.

 

70.000 eurorainoko diru-laguntza makina bakoitzeko

Makina berriak 30.000 euro balio behar du gutxienez (BEZa kontuan hartu gabe). Erosketa-kontzeptuan egiaztatutako gastuaren %15eko diru-laguntza emango da; gehienez ere 70.000 euro emango dira erositako makina bakoitzeko, eta 100.000 euro enpresa bakoitzeko (diru-laguntza erosketa bat baino gehiagorentzat den kasuetan).

 

Diru-laguntza jaso ahal izango duten makina motak

Diru-laguntza jaso dezaketen makinak jarduera hauetarako izango dira: produktuak eta materialak ontziratu eta enbalatzeko; lehengaiak eta produktu erdilanduak eraldatzeko; eta enpresaren ustiaketa ekonomikoaren produkzio-prozesuen manipulazio automatikorako.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke