Enpresen onlineko komunikazioa hobetzeko jarraibideak

2014ko Ekaina 11,


“Enpresa baten webean 0,5 segundotan ulertu behar da balio proposamena” esan du Víctor Puig adituak

Konpainiek jarrera proaktiboa izan behar dute sare sozialetan. “Elkarrizketarik gabeko Twitter profil batek ez du ia ezertarako balio”


Ihardunaldiaren momentu bat

Ihardunaldiaren momentu bat

Enpresek aukera asko dituzte beren komunikazioa hobetzeko internet bidez, zeina derrigorrezkoa bihurtu baita edozein konpainiatan. Víctor Puig katalanak, Zinkdo enpresako bazkideak eta onlineko ospe eta komunikazio estrategien kudeaketako adituak, komunikazio estrategia horiek optimizatzeko bideak azaldu ditu Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak SPRI Taldearen bitartez antolatutako jardunaldi batean.

“Enpresa baten webean 0,5 segundotan ulertu behar da balio proposamena” esan du Puigek asteazken honetan, Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean egindako jardunaldian. Puigek enpresetako webetan zaindu beharreko faktoreak zehaztu ditu, sare sozialetako profilez ere mintzatu da eta baita ere azaldu du nola erabili espazio horiek komunikazio korporatiboaren mesedetan.

Puigen arabera, konpainiek jarrera proaktiboa izan behar dute sare sozialetan, txioak argitaratu eta Facebook-eko horman mezuak idaztera mugatu gabe. “Sare sozialetan aktiboki entzun eta parte hartu behar da. Twitterren argitaratzen dena ia inork ez du ikusten handik ordubetera, horrek esan nahi du informazio interesgarria txiokatu behar dela. Ez bada hedatzen, ez da ezer lortzen”.  “Elkarrizketarik gabeko Twitter profil batek ez du ia ezertarako balio” erantsi du.

Adituak esan duenez, enpresek sare sozialetan duten inpaktua landu behar dute. “Facebook-en 4.000 «atsegin dut» baino gutxiago badituzu, seinale orrialde hori ez duela inork ikusten”.

Jardunaldian hiru euskal enpresaren onlineko komunikazioa aztertu dute. Grupo SIE (www.gruposie.es) aholkularitzari dagokionez, Puigek begi onez ikusi du bere diseinua, baina esan du “enpresaren deskribapenean informazio gutxi ematen duela eta ez dituela mezu asko argitaratzen Facebook-en. Gutxienez bi egunetik behin argitaratu behar da zerbait. Baina gehiegi argitaratu eta elkarreraginik ez izatea ere kaltegarria izan liteke”.

Publicaciones Dyna (www.revistadyna.com) aldizkarien editorialari buruz adituak esan du “paperean egiten dutena sarera eraman dutela” eta hori ez dela estrategia egokiena. Horregatik, hasierako orria berrantolatzeko gomendatu die. Aztertu duen hirugarren kasua Fagor Automation (www.fagorautomation.com) izan da; kasu honetan esan du “diseinu eta irudi korporatibo onak dituela, baina harpidetzeko formularioa luzea dela”. Puigek web horretan Flickr sartu izana nabarmendu du, “argazkien aztarnak jarraitu daitezkeelako”.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke