Euskal enpresek Floridako negozio aukerak ezagutuko dituzte.

2014ko Ekaina 16,


– Eusko Jaurlaritzak, SPRI bere enpresa agentziaren bitartez, jardunaldi bat antolatuko du AEBetako exekutiboekin eta Miamin lan egiten duten Euskadiko konpainietako zuzendaritza-karguekin.
– Florida da Ipar Amerikako laugarren Estatu aberatsena, 800.000 milioiko BPGa dauka eta Miami hiriburuan 700dik gora multinazional daude.
– Gaur egun badira dozena erdi bat euskal enpresa Floridan.


Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak SPRI-enpresa agentziaren bitartez antolatu duen ekainaren 26ko jardunaldian euskal enpresek posible izango dute jakitea nolako aukerak dituzten Floridan eta Miamin. Bertan izango dira Floridak Espainian duen bulego komertzialeko ordezkariak, Beacon Council, Miami-Dade eskualdeko sustapen agentziako exekutibo nagusiak eta baita ere Miamin kokatuta dauden BBVA eta Arista euskal enpresetako adituak, abokatuak eta zuzendaritza-karguak.

Topaketa horretan elkarren ezagutzak egingo dituzte eta euskal enpresek buruz buruko bilerak hitzartu ahal izango dituzte Estatu Batuetako ordezkariekin. Floridako Estatua, bere 19 milioitik gora biztanlerekin eta bere 800.000 milioi dolarreko BPGarekin, Estatu Batuetako laugarrena da, eta baita ere merkatu globalarekin kapitalizatu nahi duten enpresek nagusiki aukeratzen duten tokia. 700dik gora multinazional hasi dira lanean Miamin edo zabaldu dira bertara, horien artean BBVA, Telefonica, RyderSystems, Banco Sabadell, EulenAmerica, Burger-King, American Airlines, Amadeus North America, Beckton-Dickinson eta Banco Santander. Horregatik esaten zaio Miamiri “Amerikako negozio hiriburua”, nazioarteko merkataritza eta finantza truke globalizatuaren gune handi bat delako.

Floridak 71.833 milioi dolarreko inportazioak egiten ditu. Kopuru horretatik 532 milioi Espainiako esportazioak dira, nahiz eta Espainia 30. postuan egon inportazioen jatorri gisa. 2013an Euskadik 1.435 milioi euroko esportazioak egin zituen Estatu Batuetara eta guretzat Florida da hirugarren esportazio-jomuga.

Floridako negozio sektore nagusiak dira: azulejuak, gresa eta harri naturala, banku eta finantza zerbitzuak, altzariak, obra publikoa eta esleipen administratiboak, elikadura eta edariak, ikus-entzunezkoak, higiezinak, farmazia eta informazio teknologiak.

Floridak hainbat abantaila eskaintzen dizkie inbertsiogileei: kokapen geografiko paregabea du hala AEBekin nola Latinoamerikarekin negozioak egiteko, komunikabide eta garraiobide apartak ditu, ezarpen kostuak beste Estatu batzuetan baino %30-40 txikiagoak dira eta Espainiako enpresei harrera bikaina egiten die. Bestalde, tratamendu fiskal abantailatsua ematen du PFEZ eta Sozietateen gaineko Zergari dagokienez, zerga-hobari handiak Estatuan bertan manufakturatzen edo muntatzen diren produktuentzat eta baita ere Estatu nahiz toki mailako pizgarriak enpresak sortzeko.

Ezaugarri horiekin Miami eta Florida oso kontuan hartzeko moduko bazkideak dira EAEko enpresen nazioartekotze prozesuan. Une honetan badira Floridan dozena erdi bat euskal enpresa: Gosan, Arteche, Zigor, Magefesa, Arista eta BBVA.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke