Euskal enpresek arrastoa utzi dute BIO International Convention 2014 azokan.

2014ko Ekaina 30,


Euskal ordezkaritza batek bioteknologiaren arloko munduko azokarik garrantzitsuenean parte hartu du.
Gertaera hilaren 23tik 26ra bitartean egin da San Diegon (EEBB).


imagen spri- basque bioregionBIO International Convention 2014 deritzon bioteknologien arloko munduko azokarik garrantzitsuenean izandako euskal ordezkaritzaren parte-hartzea zeharo arrakastatsua izan da. Ekainaren 23tik 26ra bitartean EEBBetako San Diego hirian antolatutako gertaera honek euskal bioteknologia-sektorea munduan ezagutzera emateko aukera eskaini du. Horren haritik, hara joandako euskal bost enpresek 150 bilera inguru egin dituzte beste hainbat konpainia eta erakunderekin.

Foro garrantzitsu honetan, euskal bioeskualdeak bere eskaintza bioteknologikoaren gaitasun nagusiak aurkeztu eta Euskadiko ‘bio’ sektorea nazioartekotzen lagundu du, bioteknologiaren arloko inbertsio pribatua erakartzeko moduko lurraldetzat ezagutaraziz.

Parte hartu duten euskal enpresen pertzepzioa oso positiboa da: “Oso ekimen baliagarria izan da gurea ezagutzera emateko eta gerora probetxu handikoak izan daitezkeen harremanak lantzeko “, adierazi du Cristina Oyon SPRIko Ekimen Estrategikoen Arduradunak.

Biotechnology Industry Organization (BIO) delakoak antolatzen duen gertaera honen azken edizioak partaidetzari dagozkion marka guztiak hobetu ditu, 15.500 pertsona inguru erakarri baititu, 70 herrialde baino gehiagotatik etorritako enpresa liderren ordezkariak barne.

BIO International Convention 2014 delakoak 1.700 erakusketari baino gehiago biltzen ditu, horien artean, bioteknologiaren arloko munduko konpainia liderrak, munduko konpainia farmazeutiko nagusiak eta 300 erakunde akademiko, ikerketa-zentro eta gobernu-agentzia baino gehiago.

Topaketa honek, bioteknologiarekin lotutako alderdi zientifiko, ekonomiko eta politikoetako eragile nagusien partaidetzaz, negozio-aukerak eta sektoreko joera eta berrikuntza nagusiei buruzko informazioa eskaintzen dizkie bertaratutako enpresa eta erakundeei.

Euskadin, bioteknologiaren sektoreak 70 konpainia baino gehiago eta ikerkuntzan diharduten hogei bat erakunde biltzen ditu, unibertsitateak, ikerketa-zentroak, zentro teknologikoak eta ospitaleak tarteko direla. Sektoreak gero eta garrantzi handiagoa du euskal ekonomian, eta gaur egun, 26.500 pertsona ingururi lana eman eta urtean 300 milioi euro inguru fakturatzen ditu.

Horietatik hogeita hamar enpresa inguruk Basque Biocluster osatzen dute. Hauexek dira 2010ean sortutako elkarte honen helburuak: bazkideen interesak koordinatu eta defendatzea, administrazio publikoekin eta biozientzien arloko beste erakunde batzuekin elkalanean, eta bazkideen eta Euskal Autonomia Erkidegoko biozientzien sektorearen garapenean, hazkundean eta nazioartekotzean laguntzea.

Euskal ordezkaritza

BioBasqueren standa Espainiako pabilioi ofizialaren barruan kokatu egon da, Andaluzia eta Katalunia bezalako beste bioeskualde batzuen ondoan. San Diegora joandako euskal ordezkaritza, SPRI taldeko eta bost enpresatako (Artintvet, BBD Biophenix-Biobide, Histocell, Innoprot eta Oncomatryx) ordezkari instituzionalek osatu dute.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke