CEIAn (Miñao) kokatuta dauden enpresek Michelin Desarrollo Fundazioaren mailegu eta diru-laguntzen onura jasoko dute

2014ko Otsaila 24,


Sinatu den hitzarmenaren bidez, Michelin Desarrollo Fundazioak 20.000 eta 180.000 euro bitarteko maileguak bermatuko ditu, baita funts galdurako 1.000 euroko diru-laguntzak ere, sortutako enplegu bakoitzeko

Eusko Jaurlaritza buru duen CEIA -Arabako Eraberrikuntza-Industrialdea- erakundeak gaur egun 32 enpresa-proiektu hartzen ditu barnean


Arabako Eraberrikuntza-Industrialdeak (CEIA) Miñaon, Arabako Teknologi Parkean dauzkan instalazioetan kokatutako arabar ekintzaileek aste honetatik aurrera Michelin Desarrollo Fundazioak eskainiko dituen maileguen eta funts galdurako diru-laguntzen onura jasoko dute, baldin eta industria-sektoreko edo industriarako zerbitzuen arloko proiektuak badira, enplegu iraunkorra sortzen badute eta Michelinek lantokiak dauzkan lekuetan egiten badira, Euskadiren kasuan Araban eta Gipuzkoan.

Michelin Desarrollo Fundazioko Zuzendaria Félix Sanchidriánek eta Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzaren Zuzendari eta CEIAko Presidente Aitor Urzelaik gaur goizean Miñaon hitzarmena sinatu dute. Hitzarmen horren bidez, laguntza teknikoaz gain, bi motatako finantza-laguntza ezartzen da enpresa horientzat, alde batetik 20.000 eta 180.000 euro bitarteko maileguak, sortutako enpleguaren arabera, 18 enplegu gehienez ere diruz lagundu ahal direla, eta funts galdurako 1.000 euro diru-laguntzak, sortutako enplegu bakoitzeko.

CEIA erakundean Eusko Jaurlaritza da buru, Arabako Foru Aldundiaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren partaidetzarekin. SPRI Taldeak kudeatzen duen erakunde hori aspalditik ari da Michelin Desarrollo Fundazioarekin elkarlanean, baina hitzarmen horren bitartez orain formalizatu eta hobetu egingo da elkarlan hori. Gaur egun 32 enpresa daude bere instalazioetan.

Beste alde batetik, eta hitzarmenean ezarrita dagoenaz gain, lankidetza-esparru horretan, Michelin Desarrollo Fundazioak bere zentroko adituak CEIAn kokatuta dauden enpresen eskura jarriko ditu, ikastaroak emateko eta puntualki aholkularitza emateko materia batzuetan. Hain zuzen ere, aste honetan bertan emango da lehenengo ikastaroa, “Finantza-egoeren lege-testuingurua eta analisi eta interpretazioa”. 3 egun iraungo duen ikastaro horretan CEIAko 15 enpresak parte hartuko dute.

Gaur Urzelaik eta Sanchidriánek sinatu duten hitzarmenean ezarrita dagoen bezala, CEIAk bere haztegiarekin bat egiten duten ekintzaile eta enpresen artean zabalduko ditu Michelin Desarrollo Fundazioak eskaintzen dituen programak.

Michelin Desarrollo Fundazioak, bere aldetik, ekintzaileei euskarria emango die enplegu iraunkorra sortzeko potentziala daukaten proiektuetan. Euskarri horren oinarria dagokion enpresa-proiektuaren azterketa egitea da, eta horrez gain, laguntza ekonomikoa ematea, adibidez funts galdurako diru-laguntza eta finantza-laguntza.

Funts galdurako diru-laguntza 1.000 eurokoa izango da bi urteko epean sortzen den enplegu bakoitzeko. Proiektu bakoitzeko, gehienez 18 enplegu diruz lagunduko dira. Era berean, mailegu gisa emandako finantza-laguntza –Michelin Desarrollo Fundazioak bermatuta- aldakorra izango da, 20.000 eta 180.000 euro bitartekoa proiektu bakoitzeko, kontuan hartuta proiektu horren kalitatea eta epe labur eta ertainean sortuko duen enplegu-kopurua  (gehienez 10.000 €, 3 urteko epean sortu beharreko enplegu bakoitzeko). Maileguaren iraupena 5 urtekoa izango da, urtebeteko ezaldiarekin. Interesa finkoa izango da maileguaren bizitza osoan, (2013an sinatutako hitzarmenetan %2 izan da). Zenbatekoa, finantzatu beharreko kopuru osoaren %30 baino gehiagokoa ezin da izan.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke