SPRIren Kanpo Sareak 300 bat topaketa egin ditu Invexport ekitaldian nazioartekotze prozesuan sartuta dauden euskal ETEekin

2013ko Urria 11,


Parte hartu duten ETEak oso sektore desberdinetakoak izan dira eta informazioa eskatu dute jomuga merkatuei, merkatu analisiei edo merkataritza ezarpenei buruz.

Jomugaka, enpresa gehienek Latinoamerikan jarri dituzte begiak, Latinoamerikari buruzko 93 topaketa egin direlarik; Latinoamerikaren ostean, Europako merkatuak (79) eta NAFTA eremuak (42) piztu dute jakin-min handiena.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko SPRI (Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia) erakundearen kanpo sareak 290 bilera egin ditu beren negozioak nazioartekotzeko aukerak ezagutu nahi dituzten euskal enpresekin. Topaketa horiek pasa den astean egin ziren Invexport ekitaldian, BECen.

SPRIren ekimen honen helburua da euskal enpresei atzerriko negozio aukeren berri ematea eta nazioartekotze prozesuan behar duten informazioa eskaintzea. Aurten, tamaina eta sektore oso desberdinetako ETEek lehen eskuko informazioa jaso dute Kanpo Sareak beren esku jarri dituen merkatu berrietako aukerei buruz eta baita ere bulegoetako zuzendariek nazioartekotze prozesu bakoitzerako pertsonalizatu dizkieten modalitateei buruz.

Gainera, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ahalegina egin du bere nazioartekotze zerbitzuen eskaintza zabaltzeko, eta informazio-puntu bat egon da argitzeko zer egin behar den Munduko Bankuaren proiektu multilateraletan parte hartzeko eta Munduko Bankuaren finantzaketa lortzeko. Urte honen hasieran, Munduko Bankuak SPRI homologatu du bitartekari-lanak egin ditzan eta enpresei lehen eskuko informazioa eman diezaien, hala euskal enpresek aukera izango dute funts multilateralekin finantzatuko diren ekimenak ezagutu eta lizitazioetara aurkezteko.

Parte hartu duten enpresen eta SPRIko kanpo sareko (70 herrialdetara hedatzen dena) ordezkarien artean egin diren 290 bilera horietan (aldez aurretik erreserbatu behar ziren, eskaera handia zegoelako), gehienek jomuga merkatuei buruzko informazioa, merkataritza aholkularitza eta sare komertzialak hedatzeko edo merkatu analisiak egiteko laguntza eskatu zuten.

Edizio honetan aipatzekoa da ETE askok Latinoamerikan jarri dituztela begiak; topaketa gehienak, 93 hain zuzen, hari buruzkoak izan ziren eta eremu horren barruan Kolonbia, Txile eta Mexikok piztu zuten interes handiena. Latinoamerikaren ostean, Europak sortu zuen jakin-min handiena. Europari buruzko 79 bilera egin ziren, Errusia besteen gainetik nabarmendu zelarik; Europar Batasuneko merkatuari dagokionez, Alemaniak, Erresuma Batuak edo Txekiar Errepublikak izan zuten eskabide handiena.

Nazioartekotze aretoaren (Invexport) lehen edizio honen osagarri gisa, SPRIk bi jardunaldi dibulgatibo antolatu zituen, merkatu interesgarriei buruzko informazioa aurkezteko. Horietako bat Alemaniari buruzkoa izan zen, non SPRIk ordezkaritza bulego bat irekiko baitu hemendik gutxira. Asiako eta Latinoamerikako merkatu gorakorrei buruzko informazioa ere eman zen, azken urteotan erreferentziazko jomuga izan baitira euskal ETEentzat.

SPRIren Kanpo Sarea nazioartekotze tresna indartsua da, presentzia du 70etik gora herrialdetan eta 5 eremu operatibotan antolatuta dago: Afrika eta Ekialde Ertaina, Latinoamerika, Asia eta Ozeania, Europa eta Ipar Amerika. Kanpo Sarea SPRI Taldearen barruan dago eta bere lana da nagusiki euskal enpresen nazioartekotze prozesuak ahalbidetzea haiek aukeratutako jomugetan.

2013ko urriak 11

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke