Invexport ekitaldian SPRIren kanpo sareak laguntasuna eskaini die euskal enpresei nazioartekotzeko bidean

2013ko Urria 02,


Ekitaldiaren inaugurazioan Alexander Arriola Lizarriturrik, SPRI Taldeko zuzendari nagusiak, hainbat gomendio eman die euskal enpresei nazioartekotze prozesua arrakastaz garatzeko.

Alexander Arriola Lizarriturrik, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiak (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko erakundea) gaur azaldu die euskal enpresei zeintzuk diren Eusko Jaurlaritzak arrakastaz nazioartekotzen laguntzeko eskaintzen dizkien tresnak. Arriola Invexport ekitaldiaren inaugurazioan izan da gaur goizean. Invexport nazioarteko negozioen lehen azoka da eta BECen ospatzen ari da urriaren 2tik 3ra. Ekitaldian parte hartu dute halaber Imanol Pradalesek (Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi Sustapeneko diputatuak), Xabier Basañezek (BECeko zuzendari nagusiak) eta Iban Zuluetak (Invexport ekitaldiko zuzendariak).

EAEko zuzendaritza-kargu ugariren eta Kanpo Sareko zuzendarien aurrean eman duen hitzaldian, Arriolak hainbat gogoeta egin ditu ETEen nazioartekotze prozesuari buruz. Azpimarratu du “nazioartekotzea ez dela enpresek epe laburrera kontuak garbitzeko daukaten baliabide bat, baizik eta epe luzera garatu beharreko prozesu bat”. Gainera gogorarazi du “enpresen nazioartekotzea ez dela berria, Euskadin 20 urtetik gorako esperientzia daukagulako nazioartekotzearen arloan eta denbora horretan euskal ETEek eskura izan dituztelako Eusko Jaurlaritzak nazioartekotzeko eskaini dizkien zerbitzuak”.

Laburbilduz, SPRIko zuzendari nagusiak SPRIren eta bere kanpo sarearen laguntasuna eskaini die enpresei, SPRI bazkide kualitatibo izan dadin euskal ETEen nazioartekotzean eta nabarmendu du “BRIC” deituriko herrialdeak (Brasil, Errusia, India eta Txina) “ez direla euskal ETEentzako erakargarriak diren ekonomia bakarrak, negozio eta inbertsio aukera handiak baitaude baita ere Latinoamerikako herrialdeetan, hazkunde tasa handiak dituztelako eta ez dutelako azpiegiturarik”.

Nazioartekotzeko ideia eta laguntza zerbitzuen zentroa izan nahi duen ekitaldi honetan, ETEei nazioartekotze zerbitzuak eskaintzen espezializatutako 30etik gora enpresa erakuslek parte hartuko dute. Espainian antolatzen den era honetako ekitaldi handiena da, erakusleentzako 3.000 m2 baino gehiagoko azalera duena. Egitarauan, berriz, 20tik gora hitzaldi daude antolatuta, 50etik gora merkatu daudelarik ordezkatuta.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke