Sarea bete-betean sartu da gure bizitzetan

2014ko Maiatza 19,


 

–      “Internet, orain arte ezagutzen zenuen guztia historia da” jardunaldian denetarik erakutsi da: lagunak hurbiltzen zaizkizunean abisua ematen dizuten eskumuturrekoak, nola ordaindu afari bat txartelik eta esku-dirurik gabe edo bizi-konstanteak momentuan neurtzeko gailuak

–      SPRI Taldeko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari Aitor Cobanerak nabarmendu du IKTak “etengabeko eboluzio prozesu batean” sartuta daudela “hiritarren zerbitzura”

 


foto spri- jornada internet es historia

Jardunaldiaren momento bat.

Internet, orain arte ezagutzen zenuen guztia historia da” izenburuarekin Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean iragan ostiralean egindako  jardunaldian argi ikusi dira internetek eskaintzen dituen aukera mugagabeak. Teknologia berrietan espezializatutako Javier Eguíluz eta Miguel Sánchez hezitzaileek erakutsi dute sarea ziztu bizian ari dela sartzen hiritarren eguneroko bizitzan: aplikazio modularrak dituzten eta lagunak hurbiltzen zaizkizunean abisua ematen dizuten eskumuturrekoak, esku-dirurik eta txartelik erabili gabe buruaz baiezko keinua egite hutsez afari bat ordaintzeko aukera ematen duten betaurreko bereziak, lurra nola zapaltzen duzun edo footing egitean zenbat indar erabiltzen duzun neurtzen duen eskumuturrekoa, edo bekokian jarrita bizi-konstanteak neurtzen dituen gailu bat.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak SPRI-Eusko Jaurlaritzako Enpresa Agentziaren bidez babestutako jardunaldi hori Interneten Munduko Egunaren barruan antolatutako jardueretako bat da. Honezkero ekitaldi tradizionala da, sarean urtero egiten den murgilaldia, eta baita ere interneten arloko etorkizun hurbila definituko duten joerak ezagutzeko hurbilketa bat.

Jardunaldia inauguratu duen SPRI Taldeko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari Aitor Cobanerak nabarmendu duenez, IKTak “etengabeko eboluzio prozesu batean” sartuta daude “hiritarren zerbitzura”. Eboluzio horrek berekin dakartza premia eta negozio eredu berriak, eta beraz, ezinbestekoa da zerbitzu aurreratu sofistikatuagoak garatzea, eragin handia izango dutenak erakundeen lehiakortasunean eta pertsonen ongizate eta bizi-kalitatean”.

Javier Eguíluz eta Miguel Sánchez hizlariek saretik sortutako produktu berri batzuk eta hurrengo urteetan merkaturatuko diren beste batzuk aurkeztu dituzte. Adibidez, ukitze beharrik ez duen paypalbeacon ordainketa txartel bat eta usb pintxo bat, zeinarekin dendan erositako produktuak berez ordaintzen diren eta jadanik New Yorkeko Zinema Jaialdian erabiltzen ari dena: zinema areto baten ondotik igarotzean abisu bat agertzen da mugikorrean areto horretan  hasteko den filmari buruzko informazioarekin.

Hizlariek esan dute sarea ikaragarri azkar sartzen ari dela Txinan. Txinak Internet mugikorreko 500 milioi erabiltzaile ditu, 53 milioi gehiago soilik 2012tik 2013ra bitartean. Txinako Alipay ordainketa plataformak 300 milioi erabiltzaile lortu ditu 10 urtean, Europan gehien erabiltzen denak –Paypalek– 150 milioi dituenean, 1998tik hona funtzionatzen ari den arren.

Hiritarren bizitzan zuzeneko eragina duten gailuak etengabe hazten ari dira, jardunaldian aipatutako ondoko adibideek erakusten duten bezala: aplikazio modularrak dituzten jantzi-eranzteko eskumuturrekoak, lagunak hurbiltzen zaizkizunean abisatzen dizutenak eta erregistro bat dutenak non egon diren jakiteko; hatzetan kokatzen diren kamerak, itsuek liburuak braillerik gabe irakurri ahal izan ditzaten; pilula itxurako gailuak, gure egun osoko  jarduna eta gure seme-alabena kontrolatzen dutenak jaikitzen garen unetik (esaterako, umeei motxilan jarriz gero badaukagu jakitea hortzak garbitu dituzten ala ez).

“Orain antena, bateria eta pantaila guztiak malguak dira”, esan dute.

Adibide deigarrienetako bat izan da jatetxeko kontua  txartelik eta esku-dirurik gabe ordaintzeko aukera. Betaurreko berezi batzuk jantzita eta zerbitzariak dakarkion kontu tankerako qr kode bati begiratuz, bezeroak aski du buruaz birritan baietz esatea kontua ordaintzeko.  Kasu praktiko baten bidez erakutsi da betaurreko horiek nola  erabiltzen diren internetez eginiko eskariak hautatzen dituen Holandako enpresa batean: zerrendak erabili beharrean betaurreko bereziak erabiltzen dituzte biltegiko produktuak detektatzeko, kostuak ikaragarri murriztuz.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke