Negozio aukerak Floridan

2014ko Ekaina 26,


Zerga baxuak, enpresa bat 24 orduan sortzeko aukera eta Latinoamerikako merkaturako atea, horra Floridaren abantaila garrantzitsuenetako batzuk.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak antolatutako jardunaldi batean azaldu zaie euskal enpresei zeintzuk diren nazioartean zabaltzeko dituzten aukerak.


La jornada sobre Florida, celebrada en Bilbao

Ihardunaldiaren momentu bat


Florida da euskal enpresek nazioartean zabaltzeko duten aukeretako bat: zerga baxuak, enpresa bat 24 orduan sortzeko aukera eta Latinoamerikako beste merkatu batzuetara sartzeko atea, horiek dira Floridaren abantaila garrantzitsuenetako batzuk. Ostegun honetan Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak jardunaldi bat antolatu du SPRI bere garapen agentziaren bitartez, eta bertan erakutsi zaie euskal enpresei zeintzuk diren AEBetako Estatu aberatsenetako batek eskaintzen dizkien negozio aukerak.

Bere 19 milioitik gora biztanlerekin eta bere 800.000 milioi dolarreko BPGarekin,  Estatu Batuetako laugarrena da, eta baita ere merkatu globalarekin kapitalizatu nahi duten enpresek nagusiki aukeratzen duten tokia. 700dik gora  multinazional hasi dira lanean Miamin edo zabaldu dira bertara, horien artean BBVA, Telefonica, RyderSystems, Banco Sabadell, EulenAmerica, Burger-King, American Airlines, Amadeus North America, Beckton-Dickinson eta Banco Santander. Eta dozena erdi euskal enpresa ere (Gosan, Arteche, Zigor, Magefesa, Arista eta BBVA) badaude Floridan kokatuta. Horregatik esaten zaio Miamiri “Amerikako negozio hiriburua”, nazioarteko merkataritza eta finantzako truke globalizatuaren gune handi bat delako.

“Enterprise Florida”ko -Estatu hartako Gobernua ordezkatzen duen erakundea inbertsioak erakartzeko- zuzendari Gonzalo Arancek azaldu du enpresa bat eratzeko dolar bat baino ez dela behar (Espainian gutxienez 3.000 euroko kapital soziala behar da), enplegatu bakoitzagatiko kostua %17koa dela (Espainian %27koa), izugarrizko zerga kenkariak eskaintzen direla (“sozietateen gaineko zerga %35etik %12-16ra jaisten da, dentistaren fakturak ere kengarriak dira eta) eta kokapen kostuak, berriz, %30-40 merkeagoak direla.

Arancek azpimarratu du funtsezkoa dela lege aholkularitza izatea eta “kostuak goitik aztertzea, epe luzerako merkatua delako. Normalean enpresak laugarren edo bosgarren urtetik aurrera hasten dira dirua irabazten”. Horrez gain, ezinbestekoa da marketin plan bat egitea. “Denek egiten dute, sektore guztietan; hasi dentistetatik eta abokatuetaraino. Marka posizionatu beharra dago. Coca cola-k egunero egiten ditu iragarkiak”.

Daniel Novela abokatuak lege kontuak azaldu ditu, eta azpimarratu du posible dela enpresa bat 24 orduan sortzea. Gainera, lan arloa oso malgua da. “Posible da edozein enplegatu kaleratzea eta langileak egun batetik bestera alde egin behar du, baldin eta ez bada kaleratu sexu, arraza edo antzeko arrazoi konkretu bategatik.”

Xabier Urien merkataritza zuzendaria da Miamin ezarrita dagoen Arista euskal enpresan. “Lehen nazioartekotzea izan zen guretzat, duela 4 urte. Estatu Batuetako gainerako Estatuekin alderatuz gero, desberdina da, hurbilagoa eta lagunkoiagoa.  Latinoamerikara sartzeko atea da”. Desabantailak ere aipatu dituzte, besteak beste, “burokrazia konplexua” eta abokatuak edukitzeko premia. “Zerga gutxiago ordaintzen dira, baina talentua garestiagoa da. Dena den, merkatu honetan despidoa librea da eta beraz aurreztu egin daiteke”.

Jardunaldian argi geratu zen Estatu Batuetako gainerako Estatuetan legez, Floridan ere negozio kontratuak Europan baino garrantzitsuagoak direla. “Legeria mugatua da. Ez dago akordio eredurik, negozio bakoitzari egokitu behar zaio”.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke