Euskal industriak berreskuratu egin du 2013an enplegua sortzen duten nazioarteko proiektu teknologiko eta berritzaileekin arriskatzeko gaitasuna

2014ko Otsaila 18,


Hazi egin da Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Gauzatu programara (Ekonomia Suspertzeko Programaren tresna sendoa) zuzendutako proiektuen kopurua.

58 proiektu berri jarri dira martxan (17 teknologiko eta 36 berritzaile eta 5 ezarpen Polonian, Mexikon eta Txinan) eta 1.480 lanpostu mantendu eta 678 berri sortu dira, 121,2 milioi euroko inbertsioa egin delarik hori guztia lortzeko.

Eusko Jaurlaritzak 27 milioi euroko aurrerakin itzulgarriak eman ditu Gauzatu 2013 programaren bitartez.


2013an euskal industriak erakutsi du hasi dela berreskuratzen enplegua sortzen eta mantentzen duten negozio teknologiko, berritzaile eta atzerriko ezarpen berriekin arriskatzeko duen gaitasuna. Izan ere, hazi egin da Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Gauzatu programan (SPRI Taldeak kudeatua) aurkeztu eta onartu den proiektu kopurua, bai Industria arloan eta baita ere Atzerriko Ezarpenen alorrean. Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Suspertzeko Programako tresna sendoenetako bat da Programa hau.

Hala, 2013an 58 proiektu berri jarri dira martxan (17 teknologiko eta 36 berritzaile eta 5 ezarpen Polonian, Mexikon eta Txinan) eta 1.480 lanpostu mantendu eta 678 berri sortu dira, 121,2 milioi euroko inbertsioa egin delarik hori guztia lortzeko (horietatik 4,45 atzerriko ezarpenetarako izan da). Eusko Jaurlaritzak 27 milioi euroko aurrerakin itzulgarriak eman ditu (1,17 ezarpenetarako) baldintza hauekin: 3 urterainoko epea inbertsioa gauzatzeko, 10 urte aurrerakina itzultzeko eta 36 hilabete gutxienez 3 enplegu sortzeko.

2010ean agerian gelditu zen euskal enpresetan atzera egin zuela era honetako ekimenekin arriskatzeko gaitasun eta konfiantzak, izan ere 2011n 38 izan ziren aurkeztutako proiektuak, eta 2012an 46. Enpleguari dagokionez, 520 eta 246 lanpostu sortu ziren hurrenez hurren. 2012an atzerriko ezarpenak egiteko 3 proposamen baino ez ziren aurkeztu programara. Aurrerakin publikoak ere murriztu egin ziren, 22,5 milioikoak izan zirelarik 2011n eta 25,3koak 2012an.

 

Gauzatu-Industria

GAUZATU-Industria programa ETEei soilik bideratuta dago. Bere helburua da oinarri teknologiko edota berritzaile handiko enpresetan ekintzailetzan jarduteko edo arriskatzeko gaitasuna hobetuko duten baldintzak markatu eta babestea. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren asmoa da enpresek produktu berriak garatu ditzatela edo produktu tradizionalak sartu ditzatela merkatu berrietan, edo hobekuntza teknologikoak lortu ditzatela euskal enpresen produktibitatea handitzea helburu duten fabrikazio prozesuetan. Ildo horretakoak dira informazio eta komunikazio teknologietan (IKT) eginiko inbertsioak ere.

Laguntza jaso dezaketen proiektuek gutxienez 120.000 euroko inbertsioa egin behar dute eta gutxienez 3 lanpostu sortu beharko dituzte 36 hilabeteko epean. Jaurlaritzak enpresa berri hauei ematen dien laguntza gehienez inbertsioaren %35ekoa da (atzerriko ezarpenen kasuan %30) eta 1,5 milioi euroko muga izango dute (0,6 atzerriko ezarpenen kasuan) proiektuko.

Hala, Eusko Jaurlaritzak, ekonomia suspertzeko politikaren ildotik, finantzaketa formulak bultzatzen jarraitzen du, enpresek baliabideak lortu ditzaten jarduera ekonomikoa sortzeko Euskadin.

 

Gauzatu-Atzerriko Ezarpenak

Era berean, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak lehentasunezko finantzaketa mekanismo bat jarri du euskal enpresen esku, produkzio ezarpenak egin ditzaten nazioarteko merkatuetan. Helburua da euskal enpresek, ETEek, ezarpenak sortu eta garatu ditzatela atzerrian, hamabosten EBtik kanpo. Hala, laguntza ematen diete sendotzeko eta atzerriko merkatuetan produkzio inbertsioak egiteko, lehiakortasuna eta etorkizuneko bideragarritasuna hobetzeko formula bezala.
Horrela bada, GAUZATU Atzerriko Ezarpenak programaren helburua da gure enpresen nazioarteko jarduera eta errentagarritasuna finkatu eta indartzea. Horretarako, enpresen kanpoko salmentak gehitzera zuzendutako jarduerak bultzatzeaz gain, suspergarriak eta laguntzak emango zaizkie nazioartekotzeko prozesuan jauzi kualitatiboa egin eta esportazioaz bestelako formulak erabiltzeko erabakia hartzen duten enpresei, esate baterako, produktiboki kanpoan ezartzeko formulez baliatzen direnei.
GAUZATU Atzerriko Ezarpenak programak 5 proiektu onartu ditu produkzio ezarpenak egiteko hamabosten EBtik kanpo; izan ere, 1,17 milioi euroko aurrerakin itzulgarriak eman ditu Polonian (1), Mexikon (2) eta Txinan (2) 4,450 milioi euroko inbertsioak egin ditzaten.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke