Tapia sailburuak dio “orain inoiz baino gehiago” ezinbestekoa dela euskal enpresek erronka eta desafio berriei ekitea atzerriko merkatuetan

2013ko Azaroa 11,


Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuaren mahaiburupean hasi dira USAWeek topaketak, non 320 parte-hartzaile espero baitira 4 jardunaldi sektorialetan: azpiegiturak, energia, teknologia eta manufaktura industria.

80 enpresa inguruk bilerak egin ahal izango dituzte arlo teknologikoko enpresa proiektuetan berebiziko interesa duten Estatu Batuetako inbertsiogileekin eta kapital funtsekin.


Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak gaur inauguratu du USA Week Europe 2013 ekitaldiaren lehen edizioa. Europa mailako enpresa topaketa hori Bilboko Guggenheim Museoan egingo da lau egunez, eta bertan elkartuko dira Amerikako Estatu Batuetan jarduera gehien duten sektoreetako lider garrantzitsuenak, 120.000 milioi dolarreko proiektu estrategikoak aurkezteko.

AEB-Europa arteko enpresa topaketa handiena den honen aurkezpen ekitaldian, Tapiak eskerrak eman ditu Euskadi aukeratu delako Usa Week honen lehen edizioa egiteko. Azpimarratu du “ekitaldi oso garrantzitsua dela Europako eta Estatu Batuetako konpainien artean harremanak estutzeko eta lankidetza ahalbidetzeko”, bai eta “Europar Batasunaren eta AEBen arteko Merkataritza Libreko Ituna lortzeko”, eta gogoratu du, aurreikuspenen arabera itun hori 2014aren amaierara arte sinatuko ez den arren, urtean 100.000 milioi dolarretik gorako hazkundea ekar liezaiokeela bi kontinenteetako ekonomiari.

Euskadi eta AEBen arteko merkataritza harremanak hizpide harturik, Tapiak esan du Euskaditik 1.300 milioi euroko esportazioak egin zirela Estatu Batuetara 2012an, eta une honetan AEBak euskal enpresen esportazioen hirugarren herrialde-xedea direla Frantzia eta Alemaniaren atzetik. Guztira 411 euskal enpresek esportatzen dute maiz Estatu Batuetara. Euskadi da AEBetan gehien inbertitzen duen Espainiako autonomi erkidegoa, eta 2008-2012. urteetan bigarrena izan zen AEBetara gehien esportatu zuten autonomien artean.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak bere hitzaldia bukatu du esanez “Jaurlaritzaren asmoa dela bere laguntza-zerbitzu eta programa guztiekin babestea beren jarduera profesionalean zabalkunde- eta nazioartekotze-erronka berriei aurre egin nahi dieten enpresak eta erakundeak”.

Eusko Jaurlaritza izan da, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren bitartez, ekitaldi garrantzitsu honen antolatzaileetako bat, eta, gainera, babestu ere egin du, bere asmoa delako euskal enpresen interesa piztea atzerriko merkatuetan jarduteko dituzten aukerak zabaldu ditzaten. Jaurlaritzaren iritziz, lehentasuneko lana da Ipar Amerikako ekonomiako sektore eta Estatu aktiboenekiko harremanak eta inbertsioak bultzatzea.

USA WEEK Europe ekitaldian 320 parte-hartzaile espero dira antolatu diren 4 jardunaldi sektorialetan: azpiegiturak, energia, teknologia eta manufaktura industria. Gainera, hirugarren jardunaldian 80 enpresa inguruk bilerak egin ahal izango dituzte arlo teknologikoko enpresa proiektuetan berebiziko interesa duten Estatu Batuetako inbertsiogileekin eta kapital funtsekin.

2013ko azaroaren 11a

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke