Europako Batzordeak Bilbon aztertuko du zein paper jokatzen duen Informazio Gizarteak suspertze ekonomikoan

2013ko Azaroa 09,


– Europako Agenda Digitalaren barruan egingo den jardunaldi honek tokiko, Estatuko eta Europako agintariak elkartuko ditu, beren estrategiak aurkeztu ditzaten eta IKTen egungo zein etorkizuneko egoerak aztertu ditzaten.

– Topaketako eztabaidagai nagusiak izango dira: enpresen finantzaketa, IKT arloko enplegu premiak, telekomunikazioen merkatu bakarra eta eduki digitalen etorkizuna.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Europako Batzordearekin lankidetzan antolatu du “Informazio eta komunikazio teknologiak: suspertze ekonomikoaren  oinarriak ezarriz” topaketa. Jardunaldi horretan elkartuko dira Europako Batzordeko, Industria Ministerioko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta foro bakar batean jakinaraziko dituzte zein estrategia berritzaile diseinatu dituen administrazio bakoitzak suspertze ekonomikoa bilatzeko.  Topaketaren helburua da estrategia desberdinen arteko sinergiak maximizatzea eta gobernutik eta administrazio publikoetatik proposamen digital bateratu bat egitea. Horrela, bertaratuek ikuspegi global bat edukiko dute eskaintzen diren laguntza publiko eta pribatuei buruz, eta informazio horrekin, beren emaitzak optimizatuko dituzten erabakiak hartuko dituzte eta baita ere jakingo dute zein den solaskide egokia tresna bakoitzerako. 

Going Local izenburupean, Europako Batzordeak hainbat jarduera antolatu ditu Europako Agenda Digitalaren programak eta laguntza ekintzak Europa osoan zabaltzeko, eta jarduera multzo horren barruan kokatzen da jardunaldi hau.  Esan bezala, Going Local ekimenaren helburua da hiritarrei eta enpresei bideak zabaltzea ideia berritzaileak proposatu ditzaten eta zuzenean parte har dezaten garrantzi lokala nahiz globala duten erabakiak hartzeko prozesuetan. Topaketa Bilbon egingo da datorren azaroaren 11n, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 17:00etara.

Europak errotik sinesten du informazio/komunikazio teknologia berriek eta Interneten oinarritutako zerbitzuek badutela gaitasuna enplegua sustatzeko, hiritarren bizitza hobetzeko eta enpresei hazten laguntzeko, eta horixe da topaketaren funtsa.  Testuinguru horretan, eztabaida eta gogoeta merezi duten lau alderdi aztertuko dituzte, kontuan harturik Europako Batzordearen, Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren ikuspegiak: enpresen finantzaketa, enpleguaren etorkizuna IKTen sektorean, telekomunikazioen arloko konbergentzia eta edukien merkatua.

Hala, lehen saioan azalduko dute enpresen finantzaketa eskasia dela krisi ekonomikotik ateratzeko konpondu behar den arazoetako bat. Aztergai izango dituzte EBren urte anitzeko markoarekin lotutako hainbat ekimen, eta baita ere Europako Inbertsio Bankuak jokatzen duen papera eta Enpresen Lehiakortasunerako eta ETEentzako programa (COSME).

Europako Batzordeak telekomunikazioen merkatu bakarrari buruz garatu duen arau legegileaz eztabaidatuko da jardunaldiaren bigarren zatian, bai eta horrek Agendarekin duen loturaz ere.

Topaketaren hirugarren puntuak oinarritzat dauka EBk eginiko azterketa bat, zeinaren arabera datozen urteetan IKTen arloko 700 mila profesional inguru beharko baitira. Berrorientatu al daiteke enplegu sorkuntza sektore horretarantz?

Jardunaldia bukatzeko, eduki digitalen merkatuak bizi duen hazkunde geldiezina analizatuko da.

 

Jardunaldi honetan parte hartzen duten profesional eta enpresek argazki orokor bat barneratu ahal izango dute informazio gizarte arloan martxan dauden ekimenei buruz, eta baita ere administrazio eta zerbitzu publikoek maila lokalean, Estatuan eta Europan garatu dituztenei buruz.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke