Euskal bio-eskualdeak aktiboki parte hartu du zazpigarren urtez jarraian “Bio International Convention” topaketaren 20. edizioan, Chicagon

2013ko Apirila 29,


– 6 euskal enpresak eta 24 erakundek Biobasque Agentziaren koordinaziopean parte hartu dute bioteknologiaren eta zientzien sektoreko mundu mailako ekitaldi nagusian, zeina apirilaren 22tik 25era antolatu baita Chicagon (AEBetan).

– Euskal bio-eskualdean 75 enpresa baino gehiago daude, 320 milioi eurotik gora fakturatzen dutenak eta goi-mailako kualifikazioko 3.000tik gora lanpostu sortzen dituztenak.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak SPRIren bitartez sortutako estrategia da BioBasque Agentzia. Bere helburua da mundu akademikoaren, osasun sistemaren eta industriaren arteko lankidetza sustatzea biozientzien esparruan, eta helburu horri jarraiki, euskal bio-eskualdeak zazpigarren urtez jarraian parte hartu du bioteknologien sektoreko mundu mailako ekitaldi garrantzitsuenaren (“Bio International Convention”) 20. edizioan, zeina apirilaren 22tik 25era antolatu baita Chicagon.

Aurtengo edizioan berriro Chicagora –McCormick Place azokara- itzuli den konbentzio hau nazioarteko ezinbesteko erreferentea da biozientzien ikerketaren eta azterketaren esparruan. Deialdirako duen ahalmenari esker, aurreko edizioan 65 herrialde baino gehiagotako 15.000etik gora aditu elkartu zituen, denak ere iritzi liderrak biozientzien esparruan.

Une honetan, sektore hau gure ekonomiaren aldaketa teknologikoaren eragile dinamikoenetako bat da, Euskadik espezializazio adimendunaren alde egin duen apustuari esker. Euskal bio-eskualdean 75 enpresa baino gehiago daude, 320 milioi eurotik gora fakturatzen dutenak eta goi-mailako kualifikazioko 3.000tik gora lanpostu sortzen dituztenak. Estatu mailan Europar Batasuneko batez bestekoa baino azkarrago hazten ari da sektorea, bosgarren postuan kokatu baita produkzio zientifiko bioteknologikoaren merkatuan, Erresuma Batuaren, Alemaniaren, Frantziaren eta Italiaren atzetik.

BioBasque-k azokan izan duen standean sektoreko 6 euskal enpresa egon dira: Progenika, BTI, Grupo Noray, Innoprot, Biofenix eta Ikerchem. Horiez gain, bio-eskualdean sartuta dauden 24 erakundek parte hartu dute eta baita ere SPRIko, BIC BERRILANeko eta Euskal Herriko Arrisku Kapitaleko ordezkariek. Han izan da baita ere Ander Caballero, Eusko Jaurlaritzak New Yorken duen delegatua.

Iragan apirilaren 22an, Azokaren inaugurazio ofizialean, euskal bio-eskualdeak ICEXen ordezkaritzaren bisita jaso zuen, eta ordezkaritzaren buru joan ziren Isaac Martín-Barbero, ICEXeko zuzendari nagusia eta María Jesús Fernández, ICEXeko Chicagoko delegatu komertziala.

Euskal bio-eskualdeko ordezkariek aktiboki parte hartu dute bai ekitaldiaren garapenean (arreta eskainiz standarekiko interesa azaldu duten adituei ) bai eta kongresuko agendan programatutako ekitaldietan nahiz networking ekintzetan. Hona hemen garrantzitsuenetako bi: “Biotechnology Entrepreneurship Boot Camp – 2013” sektore bioteknologikoko urteroko ekintzailetza ikastaroaren bederatzigarren edizioa (Carnegie Mellon unibertsitateak urtero antolatzen duen ekitaldia) eta “Spain Kicks Off BIO 2013 in Chicago” networking mintegia (ICEXek eta Baker & McKenzie LLP konpainiak antolatua Chicagoko bere bulegoetan).

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke