Euskal bio-eskualdeak bioteknologien munduko ekitaldi garrantzitsuenean parte hartuko du AEBetan

2014ko Ekaina 23,


–          Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ordezkaritza bat eramango du iaz 62 herrialdetako 13.500 ordezkari bildu zituen azoka horretara.

 

–          SPRI-enpresa agentziaren bitartez bultzatutako Biobasque estrategiak helburutzat du lankidetza bultzatzea mundu akademikoaren, osasun sistemaren eta bio-zientzien arloko industriaren artean

 

–          Euskal bio-eskualdean 75 enpresa baino gehiago daude, 320 milioi eurotik gora fakturatzen dutenak eta goi-mailako kualifikazioko 3.000tik gora lanpostu sortzen dituztenak.


Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak SPRIren bitartez sortutako estrategia da BioBasque agentzia, eta bere helburua da lankidetza bultzatzea mundu akademikoaren, osasun sistemaren eta bio-zientzien arloko industriaren artean. BioBasque agentziak bioteknologien munduko ekitaldi garrantzitsuenean parte hartuko du datorren ostegunean, hots, San Diegon (Estatu Batuak) egingo den “Bio International Convention” azokan. BIO azokaren 2013ko edizioa Chicagon egin zen, non 62 herrialdetako 13.500 ordezkari eta 1.722 erakusle elkartu eta 25.573 partnering bilera egin baitziren.

Euskal ordezkaritzaren barruan stand propioa duten bost enpresa eta SPRI Taldeko ordezkariak joango dira. Euskal BioEskualdea eta Estatuko beste hainbat, esaterako Andaluziakoa edo Kataluniakoa, Espainiaren pabilioi ofizialean egongo dira, zeinak 220 metro koadro baino gehiago hartuko baititu azokaren barruan.

Bio-zientzien sektorea gure ekonomiaren aldaketa teknologikoaren eragile dinamikoenetako bat da, Euskadik espezializazio adimendunaren alde egin duen apustuari esker. Euskal bio-eskualdean 75 enpresa baino gehiago daude, 320 milioi eurotik gora fakturatzen dutenak eta goi-mailako kualifikazioko 3.000tik gora lanpostu sortzen dituztenak. Estatu mailan Europar Batasuneko batez bestekoa baino azkarrago hazten ari da sektorea, bosgarren postuan kokatu baita produkzio zientifiko bioteknologikoaren merkatuan, Erresuma Batuaren, Alemaniaren, Frantziaren eta Italiaren atzetik.

SPRIk, Basque Enterprise Europe Network Partzuergoko koordinatzaile den aldetik, ekainaren 22ko North America Meets Europe ekitaldian kolaboratu du, hots, European American Enterprise Council eta CONNECT erakundeek antolatutako ekimenean.

2010etik SPRIk “Euskadiko Bioteknologia Sektoreko Profil Teknologikoen Katalogoa” egiten du (Portfolio of Biotechnology Opportunities in the Basque Country), Euskal BioEskualdeko enpresen eskaintza eta eskaera teknologikoak hedatzen dituen dokumentua. Katalogo horren helburu nagusia da lankidetzarako aukerak bilatzea argitaratutako profilekiko interesa duten beste enpresa batzuekin.


ebook formatua. Sartu.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke