ES | EU


2017ko Otsaila 07


Prestakuntza-programa hori abian da Debagoienan, Beterri-Buruntzan eta Oarsoaldean.

 

“Ekimenaren asmoa da ekintzailetza soziala bultzatzea eskualdeetan eta balore horietan oinarritutako ehun ekonomiko berri bat sortzea”, azaldu du Beñat Irasuegik, Olatukoop ekimeneko kide eta KoopFabrika ekimeneko proiektuen jarraipen-arduradunak. Programa honek prestakuntza-prozesu bat eskaintzen die ekintzaileei, ekonomia sozialarekin lotutako proiektuak gauzatu ditzaten, eta lehenengoz jarri da martxan Debagoiena, Beterri-Buruntza eta Oarsoaldea eskualdeetan.

 

KoopFabrika otsailaren 1ean abiarazi zen eta hiru fasetan garatuko da. Lehen etapan, hamar asteko prestakuntza teoriko eta praktikoa emango da, eta dagoeneko eskualdean martxan dauden enpresa sozialak bisitatuko dira. Hortik abiatuta, parte-hartzaileek hiru hilabeteko aholkularitza pertsonalizatua jasoko dute beren helburuak betetzeko. “Zein puntutan dagoen proiektua, horren araberako laguntza emango zaio”, azaldu du Beñat Irasuegik, “izan daiteke negozio ideia definitzeko, kooperatiba martxan jartzeko edo dagoeneko sortuta badago, sendotzeko”.

 

Hirugarren fasean, eskualde arteko kooperatiba sareak eraikiko dira programan parte hartu duten proiektuekin, nahiz eta prozesu hori lehen unetik jartzen den martxan. Sarearen helburua da elkarrekin trukatzea ezagutzak, baliabideak eta denek partekatzen dituzten interesak, horrela sendotzeko enpresa-sarea eta eskualde barruko ekonomia sozialaren arloko proiektuak.

 

KoopFabrika ekimena hiru eskualdetan batera jarri da martxan 2017an, baina Debagoienan eta Beterri-Buruntzan baziren aurretik proiektu honen ernamuina izan diren beste ekimen batzuk: bi prestakuntza-programa eta ekintzailetza sozialerako aholkularitza programa bat. “Orain modulu bakarrean integratu ditugu guztiak, interesatutako eskualdeetara eramateko”, esan du Beñatek, “dena den, asmoa da programa honetan parte hartu nahi duten agentziak estrategia zabalago baten barruan sar daitezela; epe luzerako konpromisoa hartu behar dute, eskualde arteko kooperatibismo sarea sortu nahi dugulako”.

 

Programa doakoa da, eta Olatukoop sareak eta Mondragon Unibertsitatearen Garapen Kooperatiboko Lanki Ikerketa Zentroak bultzatu dute. Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzaketaz gain, Oarsoaldea eta Debagoiena eskualdeetako garapen agentzien laguntza du, bai eta Bagara kooperatibarena eta Beterri-Buruntza eskualdeko udalena.