Kontsumo-joera berriak kanal anitzen aroan

2017ko Martxoa 02,

Teléfono móvil con aplicación de compras.
Erosketak sozialak eta mugikorrak dira, eta baita ere mundu fisikoaren eta digitalaren arteko hibrido bat.

Ondasun eta zerbitzuen kontsumoa aurrera doa esperientzia pertsonalizatuetarantz.

 

Gaur egun, aukera dugu edozein tokitatik konektatzeko, sare sozialak erabiltzeko eta askoz informazio gehiago eskuratzeko. Horregatik, kontsumitzaile exigente bihurtu gara. Kanal askotan -digitaletan zein fisikoetan- banatzen ditugu gure erosketa ohiturak, bat-bateko erantzuna espero dugu, eta gainera, gure ingurukoekin partekatzen ditugu gure esperientziak. Otsailaren 28an Innobasque-k Berrikuntza kontsumoan topaketa antolatu zuen Bilbao Ekintzarekin lankidetzan, gai horrekin lotutako etorkizuneko joerak aztertzeko.

 

Ekosistema horretan oso garrantzitsuak dira teknologia digitalak, sare sozialak ezinbesteko bihurtu baitira bezeroak erakarri eta leialtzeko. Dena den, pixkanaka zabaltzen ari dira beste joera batzuk ere, zerikusia dutenak osasunarekiko ardurarekin edo ingurumenarekiko errespetuarekin eta kontsumitzearen ekintza esperientzia bihurtzearekin.

 

Pilar Zorrillak, UPV/EHUko marketineko irakasleak, hizpide izan zituen tokiko merkataritzak eszenatoki horretan dauzkan erronkak. Gaur egun, edozein tokitatik eros dezakegu, beraz, denda fisikoek balore bereizgarriak eskaini behar dituzte bezeroak erakartzeko. Irakasleak modelo hibridoak probatzen ari diren establezimenduen adibideak jarri zituen, esaterako, moda denda eta aldi berean arte galeria diren establezimenduak edo zaletasun komun baten inguruan komunitatea sortzen dutenak.

 

Cosme Carralek, KPMG enpresaren Euskadiko arduradunak, hizpide hartu zituen kontsumo enpresek datorren urtean izango dituzten lehentasunak. Hona hemen horietako batzuk: bezeroak leialtzea, talentua erakarri eta plantilla barruan atxikitzea, eta konfiantza sortzea kontsumitzaile, hornitzaile eta bazkideen artean. Gainera, enpresek erabat integratu beharko dute eraldaketa digitala, bezeroa erdigunean jarriz.

 

Elikadurari dagokionez, Sonia Riescok (AZTIko Joera eta Berrikuntza Behatokiko arduradunak) azaldu zuen zeintzuk diren sektorea eraldatzen ari diren kontsumo joerak. Hiritarrak gero eta kontzientziatuago daude osasunaren eta ingurumenaren zaintzarekin. Horrek esan nahi du hiritarrak inguruko elikagai naturalak nahi dituela, baina, ez hori bakarrik, baita ere bere osasun premietara egokitzen direnak. Elikadurak egokitu egin behar du hiriko bizi-erritmora, baina ezin dugu ahaztu janaria plazer- eta entretenimendu-iturria ere badela.

 

Hainbat enpresatako -hala nola, Iberdrola, Bizkaia Open Future (Telefónica), IMQ, Eroski eta Hermeneus World- arduradunek parte hartu zuten topaketan, bakoitzak bere ekintza esparrutik, kontsumoaren etorkizunak izango dituen erronka nagusiak azaltzeko. Kasu guztietan, teknologia digitalak aukera bezala aurkeztu ziren esperientzia berriak sortzeko erabiltzailearentzat, markaren inguruko komunitateak sortzeko eta kontsumitzaile gehiagorengana iristeko, inbertsio handirik gabe.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke