Iturri berriztagarrietatik energia elektrikoa biltegiratzeko bateria-sistema bat aurkeztu dute

2014ko Abendua 12,

imagen spri tecnología
http://www.cleantechbasque.net/proyectos/proyecto-sager-/

Hainbat erakundek energia-iturri berriztagarrien bidez ekoitzitako energia biltegiratu eta banaketa-sarearekin konektatzea ahalbidetzen duen elektrizitatea biltegiratzeko sistema berri bat sortu dute. Sistema hau, milioi bat euroko aurrekontua duen Sager izeneko I+G arloko proiektuaren barruan garatu da.


Iberdrolak, AEG Power Solutions Iberiak eta Tecnaliak bultzatu duten proiektu honetan, bateria handien laguntzaz energia biltegiratzen duen sistema diseinatu, integratu eta balioztatu da. Iberdrolak Jundizen (Gasteiz) duen Arkimedes Transformazio Zentroko instalazioetan egin da.

Sistemak bi eraikin ditu: batak bateriak ditu, eta besteak kontrol eta komunikazio sistemak eta potentzia-bihurgailuak. Berun-azidozko bateria aurreratuak erabili dira, ohikoek baino bizitza erabilgarria handiagoa eta berunezkoen kostu bertsua baitute.

Sager proiektua, Eusko Jaurlaritzaren menpeko SPRI Enpresa-Garapenerako Euskal Agentziako Gaitek programaren eta Gasteizko Udalaren laguntzaz garatu da azken lau urteotan.

Sorkuntza-iturri berriztagarrietatik datorren energia biltegiratzea da etorkizuneko elektrizitate-sareen erronka nagusietako bat, iturri horien eta sarearen arteko integrazio handiagoa erraztu eta horniketaren egonkortasuna eta fidagarritasuna segurtatzea ahalbidetuko baitu.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke