ES | EU


2017ko Otsaila 09


Sistema horrek aukera ematen die ezgaitasun handiak dituzten pertsonei autonomoki komunikatzeko.

 

Irisbond Dúo dispositiboaren bidez posible da begiradarekin ordenagailua kontrolatzea. Irisbond Dúo Eye Tracking teknologiekin eta konpainia gipuzkoarrak garatutako software aplikazioekin osatu da, eta horri esker, ezgaitasun maila altuak (ELA, paralisia edo tetraplejia) dituzten pertsonak autonomoki komunikatu daitezke.

 

Lehen bertsioa, Irisbond Primma, 2013an merkaturatu zen, Vicomtech zentroan gauzatutako garapen teknologikotik abiatuta, eta harrezkero dozena erdi bat herrialdetan banatu da. Orain, enpresa donostiarrak lan-prozesu luze bat egin du erabiltzaileekin sistema hobetzeko, eta proiektuaren hurrengo urratsa merkaturatu du: Irisbond Dúo. Dispositibo berriak aurrekoaren teknologia berbera du oinarri bezala, baina mugikortasun gehiago eskaintzen du, eta egokitu egin da erabiltzaile profil berrientzat.

 

“Orain arte, elkarlanean aritu gara ezgaitasun maila handia baina maila kognitibo kaltetu gabea zuten pertsonekin, eta lortu dugu pertsona horiek berriro komunikatzea eta, kasu batzuetan, lanera itzultzea” azaldu du Eduardo Jaureguik, Irisbond enpresako fundatzaileetako batek eta kontseilari delegatuak, “baina ohartu ginen bazeudela gaitasun kognitibo kaltetuak zituzten pertsonak ere, batik bat garuneko paralisia duten haurrak, eta haiek ere erabil zezaketela gure teknologia”.

 

Prozesuan zehar oso esperientzia garrantzitsua bizi izan dugu, garuneko paralisia duen neskato batek, bere familiak eta bere pedagogoak parte hartu dutelako. Irisbond enpresako lantaldea elkarlanean aritu zen haiekin aplikazioak garatzeko orduan, horrelako ezgaitasuna duten haurrak gai izan daitezen begiradaren bidez komunikatzeko. “Oro har, haur horiek ezin dituzte azaldu beren sentimenduak eta gaitasunak, beraz, ez dakigu zein neurritaraino elkarreragin dezaketen” esan du Eduardo Jaureguik “testak egin ditugu begirada hezteko, eta gaitasun kognitiboa landu dugu jolas terapeutiko pautatuekin, gai izan daitezen irakurri eta idazteko”. Irisbond taldearekin lanean aritu zen neskatoa, adibidez, gauza da idazteko, eta ingelesa ikasten ari da gaur egun.

 

Dispositiboak dauzkan aplikazioei esker, erabiltzaileek hainbat ekintza egin ditzakete, begiradarekin sagua mugituz: ofimatika programak erabili, posta elektronikoak idatzi, Interneten nabigatu eta ordenagailu baten funtzionaltasun desberdinak baliatu. Irisbond Dúo bertsio berriarekin, edonora eraman daiteke komunikazio-gaitasun hori, dispositiboak diseinu malguagoa baitauka tableta bati akoplatu eta gurpildun aulkian instalatzeko. “Behetik gorantz sortutako proiektu bat da, abiapuntutzat dituena erabiltzaileen premia eta esperientziak” esan du Irisbond enpresako fundatzaileak.

 

Dispositiboa urtarrilaren 31n merkaturatu zen, eta lantaldeak nazioartekotzen jarraitu nahi du, Espainia eta Hegoamerikako merkatuari Europa, Estatu Batuak eta Kanada ere gehitzeko. 2015ean enpresa gipuzkoarrak Irisgarritasun Teknologietarako Reina Sofía Saria irabazi zuen, eta Telefónica Fundazioak ematen duen Ability Awards saria ere bai.