DSS2016 ekimenak Hibrilaldiak prozesuak abiarazi ditu erronkak kolektiboki gainditzeko

2015ko Ekaina 23,

spri_innovacion_Hibrilaldiak_DSS2016
Hibrilaldiak.

Donostia-San Sebastián 2016 Hiriburutza programaren barruan, Hibrilaldiak deialdia jarri da abian. Erronka propio bat gainditzeko modu alternatiboak bilatu nahi dituzten elkarte, enpresa, kolektibo edo pertsona taldeei zuzendutako proiektu bat da, eta erronka horiek gainditzeko, aukera eskaintzen zaie lankidetzan jarduteko eguneroko ingurunean aurkitzen ez dituzten profil profesionalekin.

Hibrilaldiak C2+I/Conexiones Improbables ekimenaren metodologian oinarrituta dago. DSS2016k Auzolab proiektuan erabili zuen metodologia hori 2014an, eta prozesu hartan sortutako ikaskuntzetatik abiarazi da orain deialdi berria. “Hibrilaldiak sortu dira Donostia-San Sebastián 2016-k hibridazio prozesuak aktibatu nahi izan dituelako; prozesu horietan  kolektiboen barruan sortzen da aldaketa, profil desberdinen arteko lankidetzarekin” azaldu du Arantxa Mendiharatek, Conexiones Improbables ekimenaren koordinatzaileak.

Hibrilaldiak proiektuaren barruan mota askotako erronkak landu daitezke, baina badira bete beharreko baldintza batzuk, hala nola antolakundeak edo enpresak aldatzeko borondatea izan behar du, eta gainera nolabaiteko lotura izan behar du DSS2016 programako gaiekin. Sormena, bizikidetza modu berriak, euskara, sostengarritasuna, ikaskuntza, irekiera edo, besteak beste, kultur sektoreak izan daitezke gai horiek. Prozesuen barruan landu daitezkeen erronka motei dagokienez, Hibrilaldiak ekimenaren antolakuntzak hainbat adibide jarri ditu: auzo baten barruan espazio bat edo jarduera bat birdefinitu nahi duten bizilagun elkarteak, kode etiko propioa garatu nahi duten enpresak edota bazkideekin harremanetan jartzeko modu berriak bilatu nahi dituzten GKEak.

Deialdia taldeei zuzendurik dago eta oso ikuspegi zabaletik gainera, parte har baitezakete lehendik existitzen diren kolektibo edo taldeek eta baita ere Hibrilaldiak prozesuan parte hartzeko apropos sortutakoek; “garrantzitsuena da beren erronka prozesuaren barruan lantzea eta benetako inplikazioa edukitzea, orduan funtzionatzen baitu sistema honek” dio Arantxa Mendiharatek. Prozesua aurtengo irailetik abendura izango da; hastapen saio bat da, eta parte-hartzaileek hiruna orduko hiru lan saio eta emaitzak aurkezteko amaierako saio bat egingo dituzte. Talde bakoitzaren profilaren arabera, lantaldeak artearen, soziologiaren, ingeniaritzaren edo psikologiaren esparruko profesional “desberdin” bat izango du, eraldaketa prozesua gidatzeko. Prozesu guztietan, asmoa da jatorri desberdinetako pertsonen arteko hibridazioaren bidez “ezohiko” emaitzak sortzea.

Proposamenak aurkezteko epea zabalik dago uztailaren 19ra arte eta gehienez 8 talde hautatuko dira. Deialdia Euskadi, Nafarroa eta Akitania eskualdeko antolakunde eta pertsonei zuzendua dago.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke