1. mitoa: “Parte-hartzea = kapitala banatzea”

2015ko Azaroa 03,

spri_innobideak_pertsonak

Innobideak Pertsonak: Pertsonek antolakundeetako kudeaketan, emaitzetan edo jabetzan duten parte-hartzearen mitoak eta errealitateak.

Euskal enpresa batzuk sinetsirik daude pertsonek paper garrantzitsua jokatzen dutela beren proiektu lehiakorretan, eta enpresa horiek esperientzia praktiko handia dute, baina, halere, komeni da ETEei  zenbait kontzeptu argitzea eta pertsonek antolakundeen kudeaketan, emaitzetan edo jabetzan duten “parte-hartzearekin” lotutako hainbat mito gezurtatzea.

Hemen aurkezten dizuegu pertsonek enpresan duten parte-hartzearen inguruan identifikatu ditugun 10 mito faltsuetako bat. Mito faltsuak identifikatuz posible izango dugu jakitea zein den enpresa parte-hartzaileen errealitatea eta proiektu partekatu batean parte hartzen duten pertsona motibatu eta konprometituek balioa sortzeko duten potentziala.

Beraz, azter dezagun mitoa ala egia den hain hedaturik dagoen esamolde hau:

“Parte-hartzea = kapitala banatzea”.

Gezur borobila, irmoki gezurtatu eta baztertu behar dugun mito bat baino ez da. Izan ere, pertsonek enpresa proiektu batean parte hartzeak ez du halabeharrez esan nahi enpresaren kapitalean parte hartzen dutenik.

Pertsonek oso modu desberdinetan parte har dezakete beren antolakundeen kudeaketan. Konta ezin ahala aukera dituzte parte hartzeko, hasi erabaki operatiboak hartzetik eta enpresa proiektua eraikitzeraino, beren muga bakarra delarik enpresa proiektuaren definizioan ezarri dena.

Kudeaketan parte hartzeaz ari garenean, esan nahi dugu informazioa partekatzea eta gardentasuna, komunikazioa, autonomia eta auto-kudeaketa sustatzea. Funtsean, kudeaketa mailako parte-hartze horrek bere baitan hartzen ditu kontzeptu eta tresna mordo bat, zeintzuen bidez enpresak aukera baitu kudeaketako parte-hartze eredua definitzeko.

Behin ezarri ondoren lehen maila horretako oinarriak eta definitu ondoren antolakunderako nahi dugun parte-hartze eredua, goragoko eboluzio fase batera pasa ahal izango gara; alegia, bigarren mailara, non pertsonari kudeaketako parte-hartzea aitortuko baitzaio, dela soldataren bidez, irabazietan parte hartuz edo dela beste aldagai ekonomikoren bat erabiliz.

Azkenik, eta bakarrik gure antolakundeko pertsonen estrategian hala definitu badugu, hirugarren maila bat garatuko dugu. Hirugarren maila horretan, jabetzan parte hartzeko politikak aplikatuko ditugu eta pertsonak enpresaren jabe bihurtuko dira akziodun, bazkide edo kooperatibista bezala, eta beraz, emaitza ekonomikoetan eta emaitza horiek sortzeko moduan parte hartuko dute.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Innobideak Pertsonak ekimena jarri zuen martxan, zeinaren helburua baita jarduera-zentroa Euskadin duten enpresen lehiakortasuna hobetzeko jarduerak babestea, enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko ekintzak bultzatuz. Ekintza horiek hiru elementu hauek barne hartuko dituzte: (1) Hasierako diagnostikoa, (2) Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak diseinatzea eta (3) Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak ezartzeko laguntza. Une honetan itxita dago laguntzak eskatzeko epea, irekitzen denean ohiko bideetatik abisatuko dizuegu: Twitter sarean eta ADI!, SPRIko laguntzen alerta zerbitzuan.

Innobideak Estrategiak, pertsonen parte-hartzea babesteaz harago, merkatu berrietara sartzeko produktu eta zerbitzu berrien garapena bultzatzen du Innobideak Lehiabide ildoaren bidez; diagnostiko eta kontraste metodologia bat eskaintzen du Innobideak Kudeabide ildoaren bitartez, antolakundeen berrikuntza gradua neurtzeko eta hobetzeko kanpoko profesionalen laguntza eskainiz; eta zuzendaritza taldeei beren antolakundeetan Kudeaketa Aurreratua ezartzeko behar dituzten gaitasunak ematen dizkie, Innobideak Prestakuntza ildoaren bidez.

Funtsean, Eusko Jaurlaritzaren Innobideak estrategiak osatu egiten ditu SPRIk eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak euskal enpresa babesteko zenbait arlotan -I+G+B, nazioartekotzea, inbertsio berriak eta ekintzailetza- ematen dituzten laguntzak, modu horretara eratuz ekonomi garapeneko eskaintza-sorta oso eta integrala.

Gezurrezko 10 mito:

1 MITOA I 2 MITOA I 3 MITOA I 4 MITOA I 5 MITOA I 6 MITOA I 7 MITOA I 8 MITOA I 9 MITOA I 10 MITOA

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke