9. mitoa: “Enpresa guztiek partaidetuak izan behar dute”

2016ko Otsaila 01,


Innobideak Pertsonak: Pertsonek antolakundeetako kudeaketan, emaitzetan edo jabetzan duten parte-hartzearen mitoak eta errealitateak.

Euskal enpresa batzuk sinetsirik daude pertsonek paper garrantzitsua jokatzen dutela beren proiektu lehiakorretan, eta enpresa horiek esperientzia praktiko handia dute, baina, halere, komeni da ETEei  zenbait kontzeptu argitzea eta pertsonek antolakundeen kudeaketan, emaitzetan edo jabetzan duten “parte-hartzearekin” lotutako hainbat mito gezurtatzea.

Hemen aurkezten dizuegu pertsonek enpresan duten parte-hartzearen inguruan identifikatu ditugun 10 mito faltsuetako bat. Mito faltsuak identifikatuz posible izango dugu jakitea zein den enpresa parte-hartzaileen errealitatea eta proiektu partekatu batean parte hartzen duten pertsona motibatu eta konprometituek balioa sortzeko duten potentziala.

Beraz, azter dezagun mitoa ala egia den hain hedaturik dagoen esamolde hau:

“Enpresa guztiek partaidetuak izan behar dute”.

Jakina EZETZ. Mito zentzugabea baino gehiago, kezkagarria da gure antolakundeetarako parte-hartze eredu demokratikoagoen garapenean sinesten dugunontzat.

Esaldi horrek adierazten duen kontraesana ulergaitza egiten zaigu. Nola liteke horrelako prozesu bat, elkarrizketaren eta adostasunaren emaitza dena, pertsonak beren antolakundearen kudeaketan parte hartzeko motibatzen dituena konpromiso eta errekonozimendu handiagoa ahalbidetuz, inposaketa bat izatea?

Ezinezkoa da, besterik gabe. Horrelako eredu bat inoiz ezingo da garatu inposaketatik, zeren gure ikuspegitik, parte-hartzea prozesu borondatezko, arduratsu eta prestakuntzaduna baita.

Irizpide horiek guztiz beharrezkoak dira behar bezala garatu dadin. Antolakunde bakoitzak bere premien eta testuinguruaren arabera erabaki beharko du komeni zaion horrelako eredu bat aplikatzea, lehiakortasun eta sostengarritasun gradua garatzeko.

Eta hori guztia, eredua garatzea ahalbidetuko duen bi alderdien arteko elkarrizketa eraikitzaile bat ezartzeko beharrezkoa den heldutasun gradura iritsi ondoren. Behar bezala prestatua egon beharko du kultura-aldaketa proiektu bati ekiteko eta jakiteko une egokiena ote den ikuspuntu estrategikotik, eta are finantzariotik.

Izan ere, baliteke enpresa guztiak ez izatea gauza parte-hartzea garatzeko.

Argitu dezagun ideia hori literaturako pasarte batekin, Hermann Hesse-n “Estepako Otsoa” liburutik hartua, hots, “Antzoki Magikoko” atari gotikoaren gaineko karteleko hitzak:

“Antzoki Magikoa. Ezin du edonork sartu. Eroek bakarrik.”

A priori, enpresa guztiek garatu dezakete beren neurrira eginiko eredu parte-hartzaile bat, baina adierazitako baldintzak betetzen dituztenak eta “argi” daukatenak bakarrik iritsiko dira helmugara, hots, haren onurez eta beharrezkotasunaz konbentzituta daudenak.

Gogora dezagun prentsako inoizko iragarki ospetsuenetako bat, Ernest Shackleton esploratzaile irlandar karismatikoak 1914an Times egunkarian argitarazi zuena Antartikara egingo zuen hirugarren espediziorako tripulazioa bilatzeko:

«Gizonak behar dira bidaia arriskutsu baterako. Soldata urria. Hotz gaitza. Hilabete osoak ilunpe beltzean. Etengabeko arriskua. Ez da gauza segurua itzultzea. Ohorea eta ezagutza arrakasta izanez gero».

Espedizio hura ez zen hurbildu ere egin kontinente antartikora, baina gizon haien balentriak eskubide osoz irabazi zuen txoko bat poloetako esplorazioaren historian, sekulako gaitasuna erakutsi baitzuten baldintzarik larrienei aurre egiteko.

Baliteke paralelismoa gehiegizkoa izatea, baina adibide horrekin bakarrik azpimarratu nahi dugu proiektu bat aurrera ateratzeko ezinbestekoa dela gar bizia eta proiektuan errotik sinestea. Parte-hartzea sarritan izan baitaiteke bidaia “amaiezina”, gogorra, konplexua, oztopoz eta gainditu beharreko erresistentziaz josia; bide horretan akats asko egiten dira, eta maiz izaten da zalantza benetan bide zuzena hartu ote dugun.

Batzuetan, helmugara arrakastaz iristeko ezinbestekoa da esploratzaile antartiko baten heldutasuna eta konbentzimendua izatea.

Eta, halere, zerbait bitxia gertatu bide zen Times egunkariko irakurle hieratikoen artean 1914ko urte hartan. Itxuren arabera, iragarki horrek guri gaur egiten digun bezalako inpresioa egingo zien haiei ere, 5.000 lagunek erantzun baitzioten deiari.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Innobideak Pertsonak ekimena jarri zuen martxan, zeinaren helburua baita jarduera-zentroa Euskadin duten enpresen lehiakortasuna hobetzeko jarduerak babestea, enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko ekintzak bultzatuz. Ekintza horiek hiru elementu hauek barne hartuko dituzte: (1) Hasierako diagnostikoa, (2) Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak diseinatzea eta (3) Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak ezartzeko laguntza. Une honetan itxita dago laguntzak eskatzeko epea, irekitzen denean ohiko bideetatik abisatuko dizuegu: Twitter sarean eta ADI!, SPRIko laguntzen alerta zerbitzuan.

Innobideak Estrategiak, pertsonen parte-hartzea babesteaz harago, merkatu berrietara sartzeko produktu eta zerbitzu berrien garapena bultzatzen du Innobideak Lehiabide ildoaren bidez; diagnostiko eta kontraste metodologia bat eskaintzen du Innobideak Kudeabide ildoaren bitartez, antolakundeen berrikuntza gradua neurtzeko eta hobetzeko kanpoko profesionalen laguntza eskainiz; eta zuzendaritza taldeei beren antolakundeetan Kudeaketa Aurreratua ezartzeko behar dituzten gaitasunak ematen dizkie, Innobideak Prestakuntza ildoaren bidez.

Funtsean, Eusko Jaurlaritzaren Innobideak estrategiak osatu egiten ditu SPRIk eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak euskal enpresa babesteko zenbait arlotan -I+G+B, nazioartekotzea, inbertsio berriak eta ekintzailetza- ematen dituzten laguntzak, modu horretara eratuz ekonomi garapeneko eskaintza-sorta oso eta integrala.

Gezurrezko 10 mito:

1 MITOA I 2 MITOA I 3 MITOA I 4 MITOA I 5 MITOA I 6 MITOA I 7 MITOA I 8 MITOA I 9 MITOA I 10 MITOA

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke