5. mitoa: “Herrialdea kooperatibizatu nahi duzue!”

2015ko Abendua 10,


Innobideak Pertsonak: Pertsonek antolakundeetako kudeaketan, emaitzetan edo jabetzan duten parte-hartzearen mitoak eta errealitateak.

Euskal enpresa batzuk sinetsirik daude pertsonek paper garrantzitsua jokatzen dutela beren proiektu lehiakorretan, eta enpresa horiek esperientzia praktiko handia dute, baina, halere, komeni da ETEei  zenbait kontzeptu argitzea eta pertsonek antolakundeen kudeaketan, emaitzetan edo jabetzan duten “parte-hartzearekin” lotutako hainbat mito gezurtatzea.

Hemen aurkezten dizuegu pertsonek enpresan duten parte-hartzearen inguruan identifikatu ditugun 10 mito faltsuetako bat. Mito faltsuak identifikatuz posible izango dugu jakitea zein den enpresa parte-hartzaileen errealitatea eta proiektu partekatu batean parte hartzen duten pertsona motibatu eta konprometituek balioa sortzeko duten potentziala.

Beraz, azter dezagun mitoa ala egia den hain hedaturik dagoen esamolde hau:

“Herrialdea kooperatibizatu nahi duzue!”

Ba, ez derrigorrez. Horra beste mito bat lurrera eraitsia. Ukaezina izan arren azken hamarkadetan kooperatiben munduak Euskadiko ekonomiari egin dion ekarpena, enpresa antolakunde guztiek, parte-hartze eredu bat garatzean, ezin dute izan kooperatiba edo ez dute nahi edo ez dute zertan izan. Izan ere, parte-hartze hori ahalbidetzeko bestelako aukera ugari daude gure antolamendu juridikoan, gure antolakundeei forma legala ematen dieten formula juridiko ugariak direla medio.

Beraz, posible da pertsonengan oinarritutako eredu bat garatzea kooperatiba izan gabe. Baina parte-hartzeak ez daukanez zertan hartu nahitaez kooperatibaren formula juridikoa, zein dira beste aukerak?

Egia esan, existitzen diren sozietate-formula gehienek aukera ematen dute eredu parte-hartzaile bat garatzeko. Funtsean, sozietate anonimo edo sozietate mugatu egitura duten enpresen artean gero eta gehiagok egiten dute apustu irmoa eredu parte-hartzailearen alde, baina ez bakarrik kudeaketari dagokionez, baita ere hala emaitzetan nola jabetzan parte-hartzeari dagokionez, jabetzaren izaera juridikoak aukera ematen baitu horretarako, bai enpresaren akzio-egiturarengatik, bai kapital soziala partaidetzetan zatituta egoteagatik.

Horrelako sozietateetan, normalena da pertsona fisiko edo juridiko bat edo gehiago izatea akzioen edo partaidetzen jabe.

Enpresa sozietate tipologiaren barruan badaude parte-hartze eredua garatzeko egokiak diren egitura juridikoak, esaterako lan-sozietatea eta sozietate profesionala. Esparru horretatik kanpo, sozietate zibil partikularraren egitura ere erabili daiteke, formula juridiko sinpleena alegia.

Lan-sozietateari dagokionez, ekonomia sozialean txertatuta dago eta enpresa langileena da, kooperatibetan bezala, baina kooperatibak ez bezala lan-sozietateak kapital-sozietateak dira, irabazi asmodunak. Bestalde, kapital sozial kooperatiboa bazkideen ekarpenekin osatzen da, ez da kapital-sozietatea eta ez da oinarritzen akzio nahiz partaidetzen jabetzan.

Jarduera profesional bat elkarturik garatzeko sortzen dira sozietate profesionalak, zeintzuetan aritzeko beharrezkoa baita unibertsitateko titulu ofiziala edo titulazio profesionala, eta kasuan kasuko Elkargo Profesionalean izena emanda egotea.

Azkenik, eredu parte-hartzaile bati estaldura legala emateko formula sinpleenak –ez ordea garrantzi gutxien daukanak–, sozietate zibil partikularrak, aukera ematen du sozietate-kontratu bat egiteko, zeinetan pertsona bik nahiz gehiagok beren burua behartzen duten ondasunak edo dirua jartzera (bazkide kapitalistak badira), nahiz lana edo industria (bazkide industrialak badira), ondoren irabaziak elkarren artean banatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Innobideak Pertsonak ekimena jarri zuen martxan, zeinaren helburua baita jarduera-zentroa Euskadin duten enpresen lehiakortasuna hobetzeko jarduerak babestea, enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko ekintzak bultzatuz. Ekintza horiek hiru elementu hauek barne hartuko dituzte: (1) Hasierako diagnostikoa, (2) Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak diseinatzea eta (3) Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak ezartzeko laguntza. Une honetan itxita dago laguntzak eskatzeko epea, irekitzen denean ohiko bideetatik abisatuko dizuegu: Twitter sarean eta ADI!, SPRIko laguntzen alerta zerbitzuan.

Innobideak Estrategiak, pertsonen parte-hartzea babesteaz harago, merkatu berrietara sartzeko produktu eta zerbitzu berrien garapena bultzatzen du Innobideak Lehiabide ildoaren bidez; diagnostiko eta kontraste metodologia bat eskaintzen du Innobideak Kudeabide ildoaren bitartez, antolakundeen berrikuntza gradua neurtzeko eta hobetzeko kanpoko profesionalen laguntza eskainiz; eta zuzendaritza taldeei beren antolakundeetan Kudeaketa Aurreratua ezartzeko behar dituzten gaitasunak ematen dizkie, Innobideak Prestakuntza ildoaren bidez.

Funtsean, Eusko Jaurlaritzaren Innobideak estrategiak osatu egiten ditu SPRIk eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak euskal enpresa babesteko zenbait arlotan -I+G+B, nazioartekotzea, inbertsio berriak eta ekintzailetza- ematen dituzten laguntzak, modu horretara eratuz ekonomi garapeneko eskaintza-sorta oso eta integrala.

Gezurrezko 10 mito:

1 MITOA I 2 MITOA I 3 MITOA I 4 MITOA I 5 MITOA I 6 MITOA I 7 MITOA I 8 MITOA I 9 MITOA I 10 MITOA

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke