4. MITOA: “Emaitzen kontuari begiratzen ez dioten antolakundeentzat da hori”

2015ko Azaroa 25,


Innobideak Pertsonak: Pertsonek antolakundeetako kudeaketan, emaitzetan edo jabetzan duten parte-hartzearen mitoak eta errealitateak.

Euskal enpresa batzuk sinetsirik daude pertsonek paper garrantzitsua jokatzen dutela beren proiektu lehiakorretan, eta enpresa horiek esperientzia praktiko handia dute, baina, halere, komeni da ETEei  zenbait kontzeptu argitzea eta pertsonek antolakundeen kudeaketan, emaitzetan edo jabetzan duten “parte-hartzearekin” lotutako hainbat mito gezurtatzea.

Hemen aurkezten dizuegu pertsonek enpresan duten parte-hartzearen inguruan identifikatu ditugun 10 mito faltsuetako bat. Mito faltsuak identifikatuz posible izango dugu jakitea zein den enpresa parte-hartzaileen errealitatea eta proiektu partekatu batean parte hartzen duten pertsona motibatu eta konprometituek balioa sortzeko duten potentziala.

Beraz, azter dezagun mitoa ala egia den hain hedaturik dagoen esamolde hau:

“Emaitzen kontuari begiratzen ez dioten antolakundeentzat da hori”.

Objektiboki, eta analisi tekniko hutsa eginez, gure erantzuna hauxe izan beharko da… Itzulingururik gabe, EZ, ezezko borobila.

Zentzurik gabeko sinesmen bat da, eta herrialde aurreratuetan kokatutako antolakunde partaidetuek eginiko azterlanek gezurtatzen dute sinesmen hori. Baldin eta alderatzen baditugu parte-hartze eredu bat garatu duten eta garatu ez duten antolakundeen kudeaketa-adierazleak eta emaitza kontuak, datuek argi eta garbi frogatzen dute parte-hartzea funtsezko ezaugarria dela aberastasun handia sortzen duten eta, beraz, lehiakorrenak diren antolakundeen kudeaketa-ereduetan.

Harrigarria badirudi ere, Ameriketako Estatu Batuetan daude langileek partaidetutako enpresa gehien; izan ere, 13 milioitik gora langilek parte hartzen dute erakundearen -jarduera profesionala garatzen duten antolakundearen- jabetzan, mota guztietako enpresa eta sektoreetan.

Partaidetza hori 70eko hamarkadan garatutako formula juridiko batean oinarritzen da, ESOP ereduan, eta eredu arrakastatsu bihurtu da egonkortasuna lortu duelako denboraren aldeko apustua eginez. Hala, posible izan da estatistika eta prospekzio azterlanak egitea eredu hori ezarri duten enpresen bilakaerari eta lortu dituzten onurei buruz.

Datu enpirikoek erakusten dute ESOP eredua duten antolakundeetako erretiroak enpresa ez parte-hartzaileenak baino 2,5 altuagoak direla; soldatak, berriz, %5-%20 handiagoak; antolakundeak sostengarriagoak dira eta beren biziraupen probabilitatea %25 handiagoa da; langileen kaleratze probabilitatea 4 aldiz txikiagoa da; %4 eta %5 bitarteko produktibitate hazkundeak izaten dituzte urtean (10 urteko laginetan egiaztatutako datuak); kontratazio gaitasuna %25 handiagoa da; aktiboen errendimendua %2,7 handiagoa eta salmenta igoerak ere urtean %2,3-%2,4 handiagoak dira.

Balio erantsi handiagoa eskainiz errentagarritasun handiagoa lortzen du, eta gaurko emaitzen bidez biharko antolakuntza-proiektuaren sostengarritasuna bermatzen du.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Innobideak Pertsonak ekimena jarri zuen martxan, zeinaren helburua baita jarduera-zentroa Euskadin duten enpresen lehiakortasuna hobetzeko jarduerak babestea, enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko ekintzak bultzatuz. Ekintza horiek hiru elementu hauek barne hartuko dituzte: (1) Hasierako diagnostikoa, (2) Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak diseinatzea eta (3) Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak ezartzeko laguntza. Une honetan itxita dago laguntzak eskatzeko epea, irekitzen denean ohiko bideetatik abisatuko dizuegu: Twitter sarean eta ADI!, SPRIko laguntzen alerta zerbitzuan.

Innobideak Estrategiak, pertsonen parte-hartzea babesteaz harago, merkatu berrietara sartzeko produktu eta zerbitzu berrien garapena bultzatzen du Innobideak Lehiabide ildoaren bidez; diagnostiko eta kontraste metodologia bat eskaintzen du Innobideak Kudeabide ildoaren bitartez, antolakundeen berrikuntza gradua neurtzeko eta hobetzeko kanpoko profesionalen laguntza eskainiz; eta zuzendaritza taldeei beren antolakundeetan Kudeaketa Aurreratua ezartzeko behar dituzten gaitasunak ematen dizkie, Innobideak Prestakuntza ildoaren bidez.

Funtsean, Eusko Jaurlaritzaren Innobideak estrategiak osatu egiten ditu SPRIk eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak euskal enpresa babesteko zenbait arlotan -I+G+B, nazioartekotzea, inbertsio berriak eta ekintzailetza- ematen dituzten laguntzak, modu horretara eratuz ekonomi garapeneko eskaintza-sorta oso eta integrala.

Gezurrezko 10 mito:

1 MITOA I 2 MITOA I 3 MITOA I 4 MITOA I 5 MITOA I 6 MITOA I 7 MITOA I 8 MITOA I 9 MITOA I 10 MITOA

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke