3. MITOA: “Parte-hartzeak arazoak baino ez ditu sortzen”

2015ko Azaroa 19,

spri_innovación_innobideak_pertsonak-mito3

Innobideak Pertsonak: Pertsonek antolakundeetako kudeaketan, emaitzetan edo jabetzan duten parte-hartzearen mitoak eta errealitateak.

Euskal enpresa batzuk sinetsirik daude pertsonek paper garrantzitsua jokatzen dutela beren proiektu lehiakorretan, eta enpresa horiek esperientzia praktiko handia dute, baina, halere, komeni da ETEei  zenbait kontzeptu argitzea eta pertsonek antolakundeen kudeaketan, emaitzetan edo jabetzan duten “parte-hartzearekin” lotutako hainbat mito gezurtatzea.

Hemen aurkezten dizuegu pertsonek enpresan duten parte-hartzearen inguruan identifikatu ditugun 10 mito faltsuetako bat. Mito faltsuak identifikatuz posible izango dugu jakitea zein den enpresa parte-hartzaileen errealitatea eta proiektu partekatu batean parte hartzen duten pertsona motibatu eta konprometituek balioa sortzeko duten potentziala.

Beraz, azter dezagun mitoa ala egia den hain hedaturik dagoen esamolde hau:

“Parte-hartzeak arazoak baino ez ditu sortzen”.

Objektiboki, eta analisi tekniko hutsa eginez, gure erantzuna hauxe izan beharko da… Bai, behingoagatik ados gaude, baina bakarrik forman.

Ongi etorriak izan daitezela parte-hartze prozesu batek berekin dakartzan arazoak, emango dizkiguten konponbideek aise gaindituko dituztelako ondorio negatibo guztiak. Funtsean, parte-hartzea kudeaketako immobilismoaren antitesia da; balio sorkuntzaren bidez lehiatzeak berekin dakar aberastasuna sortzea eta sostengarritasuna sustatzea eta, aldiz, soldata jaitsieren bidez lehiatzeak ezinbestean garamatza ezegonkortasunera.

Argi dago ez dela batere erraza parte-hartzearen eta kultur eredu berri baten aldeko apustua egitea, hau da, pertsonei eguneroko kudeaketan protagonismo handiagoa ematea. Antolakunde bateko kultura aldatzeko 10-20 urte behar dira batez beste.

Beraz, parte-hartze prozesuei buruz ari garenean, elkarri konektatutako kontzeptu multzo batez ari gara, hots, kultura eta balore aldaketaz, prozesuak alderdi guztiei (zuzendaritza taldeei, teknikariei eta jabeei) eskatzen dien heldutasunaz, e.a. Prozesu konplexuak eta luzeak dira, zeintzuetan desikasi egin behar baita ohitura berriak ikasi eta gaitasun berriak garatzeko.

Eta kultura berri bateranzko aldaketa prozesuak ziurrenik arazoak sortuko ditu. Dena den, eta aldaketa erraza ez bada ere, azterlan eta esperientzia askok erakusten dute parte-hartzeak abantaila handiak –bai ukigarriak eta bai ukiezinak- dakarzkiola antolakundeari.

Funtsean, antolakundea osatzen duten pertsonek konpromisoa hartzen dute merkatu globalizatuan lehiatzeko behar dugun balioa sortzeko, eta balio hori ongi egindako eta erabakimenezko lanaren fruitua izango da, konfiantzazko eta errespetuzko giroan garatutakoa.

Parte-hartzeak ziurgabetasunak desagerrarazten ditu erakundean eta sostengarritasuna ematen dio proiektuari, erabaki zentroak deslokalizatzeko aukerak murrizten dituelako, lurraldean bertan gelditzeko bokazioa sortzen duelako, eta enpresen ondorengotza edo transmisioa ere bideratzen duelako, eta ez erretiro kasuetan bakarrik.

Lehiakortasun faktore bezala, nabarmen hobetzen ditu eraginkortasun eta produktibitate irizpideak; antolakundearen emaitzak hobetzen ditu, absentismo maila murrizten du eta kide izatearen sentimenduarekin lotutako barne hobekuntzak garatzen ditu. Langileak etorkizuneko proiektu sendo eta iraunkor baten parte sentitzen direnez, pertsonen errotazio indizea murrizten da, laneko giroa hobetzen da, soldatak igotzen dira eta errazagoa da talentua atzematea eta atxikitzea.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Innobideak Pertsonak ekimena jarri zuen martxan, zeinaren helburua baita jarduera-zentroa Euskadin duten enpresen lehiakortasuna hobetzeko jarduerak babestea, enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko ekintzak bultzatuz. Ekintza horiek hiru elementu hauek barne hartuko dituzte: (1) Hasierako diagnostikoa, (2) Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak diseinatzea eta (3) Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak ezartzeko laguntza. Une honetan itxita dago laguntzak eskatzeko epea, irekitzen denean ohiko bideetatik abisatuko dizuegu: Twitter sarean eta ADI!, SPRIko laguntzen alerta zerbitzuan.

Innobideak Estrategiak, pertsonen parte-hartzea babesteaz harago, merkatu berrietara sartzeko produktu eta zerbitzu berrien garapena bultzatzen du Innobideak Lehiabide ildoaren bidez; diagnostiko eta kontraste metodologia bat eskaintzen du Innobideak Kudeabide ildoaren bitartez, antolakundeen berrikuntza gradua neurtzeko eta hobetzeko kanpoko profesionalen laguntza eskainiz; eta zuzendaritza taldeei beren antolakundeetan Kudeaketa Aurreratua ezartzeko behar dituzten gaitasunak ematen dizkie, Innobideak Prestakuntza ildoaren bidez.

Funtsean, Eusko Jaurlaritzaren Innobideak estrategiak osatu egiten ditu SPRIk eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak euskal enpresa babesteko zenbait arlotan -I+G+B, nazioartekotzea, inbertsio berriak eta ekintzailetza- ematen dituzten laguntzak, modu horretara eratuz ekonomi garapeneko eskaintza-sorta oso eta integrala.

Gezurrezko 10 mito:

1 MITOA I 2 MITOA I 3 MITOA I 4 MITOA I 5 MITOA I 6 MITOA I 7 MITOA I 8 MITOA I 9 MITOA I 10 MITOA

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke