2. mitoa: “Parte-hartzea ez da niretzat…”

2015ko Azaroa 12,

spri_innobideak_pertsonak_mito2

Innobideak Pertsonak: Pertsonek antolakundeetako kudeaketan, emaitzetan edo jabetzan duten parte-hartzearen mitoak eta errealitateak.

Euskal enpresa batzuk sinetsirik daude pertsonek paper garrantzitsua jokatzen dutela beren proiektu lehiakorretan, eta enpresa horiek esperientzia praktiko handia dute, baina, halere, komeni da ETEei  zenbait kontzeptu argitzea eta pertsonek antolakundeen kudeaketan, emaitzetan edo jabetzan duten “parte-hartzearekin” lotutako hainbat mito gezurtatzea.

Hemen aurkezten dizuegu pertsonek enpresan duten parte-hartzearen inguruan identifikatu ditugun 10 mito faltsuetako bat. Mito faltsuak identifikatuz posible izango dugu jakitea zein den enpresa parte-hartzaileen errealitatea eta proiektu partekatu batean parte hartzen duten pertsona motibatu eta konprometituek balioa sortzeko duten potentziala.

Beraz, azter dezagun mitoa ala egia den hain hedaturik dagoen esamolde hau:

“Parte-hartzea ez da niretzat”.

Eta sarritan beste esaldi honek jarraitzen dio horri: “Hau jabetza da, eta hori kooperatiben kontua da…”

Objektiboki, eta analisi tekniko hutsa eginez, gure erantzuna hauxe izan beharko da… NOIZ NOLA …

Berriro egiten dugu topo mito zahar batekin, barneratua daukagun balio-judizio batean oinarritutako gure enpresa-kulturaren sinesmen zahar batekin, zeinak eragin negatiboa baitu zuzendaritza-kargu askorengan erabaki behar dutenean pertsonek beren antolakundean parte hartzeko kontzeptuak edo tresnak aplikatzea. Eta hor ikusten da pertsona horrek ez dituela ezagutzen edo ulertzen parte-hartze kontzeptuak eta tresnak, ez eta antolakundeari ekar diezazkioketen onurak.

Baina, hori ere, noiz nola, ez baitago erantzun bakar bat antolakuntza mota posible guztientzat, antolakunde bakoitzak duen testuinguruarentzat, bakoitza definitzen duen kudeaketa ereduarentzat, edo bere parte-hartze formuletan baloratu edo aztertu ditzakeen alternatiba guztientzat.

Hala, enpresa batzuk sinetsirik daude beharrezkoa dela aukera ematea pertsonei antolakuntzan parte hartzeko, eta eredu hori aplikatuz berresten dute beren filosofia humanista, zeinetan pertsonek paper protagonista hartzen duten antolakuntzan eta beren etorkizuneko proiektuaren eraikuntzan, egonkortasun handiagoko marko batean.

Beste batzuek, berriz, halako ereduak ezartzearen abantailak ikusten dituzte lehiakortasuna bultzatzeko palanka direlako, eta ziur daude parte-hartze eredu demokratikoagoek balioa ematen dietela, antolakundearen eraginkortasuna eta produktibitatea hobetuko dutelakoan.

Bi kasu horietan, ez da zaila horrelako ereduak ezartzea, zeren hala jabeek nola zuzendaritza-taldeek eta antolakundea osatzen duten gainerako pertsonek berdin ulertzen baitute enpresak horrelakoxea izan behar duela.

Bestalde, bestelako antolakunde batzuek parte-hartze ereduak aplikatzeko zailtasun batzuk izan ditzakete, esaterako sortu berriek, ondorengotza prozesuetan murgilduta daudenek, edota lehiakor izateko zailtasunak dituztenek. Baina horientzat guztientzat ere badaude parte-hartze formulak beren burua berrasmatzeko eta era askotako arazoei konponbideak bilatzeko, buruzkatu behar dituzten egoera bezainbat alternatiba aplikatuz.

Beste muturrean daude konbentzitu gabeko enpresak, halako ereduekiko sentsibilitaterik ez dutenak, eta horrelakoak ezartzeari lehentasunik ematen ez diotenak. Horrelako enpresek zailtasun handiak gainditu behar izaten dituzte, erresistentziak ere handiak direlako.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Innobideak Pertsonak ekimena jarri zuen martxan, zeinaren helburua baita jarduera-zentroa Euskadin duten enpresen lehiakortasuna hobetzeko jarduerak babestea, enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko ekintzak bultzatuz. Ekintza horiek hiru elementu hauek barne hartuko dituzte: (1) Hasierako diagnostikoa, (2) Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak diseinatzea eta (3) Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak ezartzeko laguntza. Une honetan itxita dago laguntzak eskatzeko epea, irekitzen denean ohiko bideetatik abisatuko dizuegu: Twitter sarean eta ADI!, SPRIko laguntzen alerta zerbitzuan.

Innobideak Estrategiak, pertsonen parte-hartzea babesteaz harago, merkatu berrietara sartzeko produktu eta zerbitzu berrien garapena bultzatzen du Innobideak Lehiabide ildoaren bidez; diagnostiko eta kontraste metodologia bat eskaintzen du Innobideak Kudeabide ildoaren bitartez, antolakundeen berrikuntza gradua neurtzeko eta hobetzeko kanpoko profesionalen laguntza eskainiz; eta zuzendaritza taldeei beren antolakundeetan Kudeaketa Aurreratua ezartzeko behar dituzten gaitasunak ematen dizkie, Innobideak Prestakuntza ildoaren bidez.

Funtsean, Eusko Jaurlaritzaren Innobideak estrategiak osatu egiten ditu SPRIk eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak euskal enpresa babesteko zenbait arlotan -I+G+B, nazioartekotzea, inbertsio berriak eta ekintzailetza- ematen dituzten laguntzak, modu horretara eratuz ekonomi garapeneko eskaintza-sorta oso eta integrala.

Gezurrezko 10 mito:

1 MITOA I 2 MITOA I 3 MITOA I 4 MITOA I 5 MITOA I 6 MITOA I 7 MITOA I 8 MITOA I 9 MITOA I 10 MITOA

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke